Itxi

Gizartea

Indarkeria

Gizon bat atxilotu dute bikotekidea metroko nasatik trenbidera botatzeagatik Erandion

Agentziak | EITB Media

Makinistari abisua eman diote, geltokira iritsi aurretik gelditzeko, biktima harrapa ez zezan. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman dute, buruan kolpe handia baitzuen.

Ertzaintzak 21 urteko mutil bat atxilotu du larunbat goizean Erandion, Astrabuduko geltokian Metro Bilbaoren tren bat iristear zenean bikotekidea (hori ere gizonezkoa) nasatik trenbidera botatzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Sergurtasun Sailak jakitera eman duenez. 

09:00ak aldera gertatu da erasoa, Erandion, Astrabuduko geltokian. Bikotekideek elkarrekin eztabaidatu ondoren, erasotzaileak biktimari eraso dio eta trenbidera bota du, trena heldu baino pixka bat lehenago.

Makinistari abisua eman diote, geltokira iritsi aurretik gelditzeko, biktima harrapa ez zezan. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman dute, buruan kolpe handia baitzuen.

Erasotzailek ihes egin du, baina handik gutxira harrapatu dute, erasoa izan den lekutik oso gertu, eta bertan atxilotu dute.

Bi ordu lehenago, beste liskar bat izan du atxilotutako gizon horrek berak, Ertzaintzako agenteekin eta osasun-zerbitzuekin, diskoteka batean izandako liskar batean parte hartu ondoren. Irainka eta biraoka aritu da inguruan zituenen kontra, eta, horren aurrean, espedientea ireki diote, Herritarren Segurtasunari buruzko Legea baliatuz.

Ertzain-etxean beharrezko izapideak egindakoan, epailearen esku utziko dute.