Itxi

Gizartea

JUSTIZIA

Epaiketak euskaraz egiteko plan pilotua bi hilabetean izango du prest EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

Agentziak | EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoan lanean ari diren 300 epaileetatik 20 inguru bakarrik dira gai ahozko epaiketak euskaraz egiteko.

  • EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

    EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak bi hilabete baino lehen izango du prest epaiketak euskaraz egiten hasteko plan pilotua. Iturri juridikoen arabera, ordea, gaur-gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoan lanean ari diren 300 epaileetatik 20 inguru bakarrik dira gai ahozko epaiketak euskaraz egiteko.

Iaz, urte judizialaren irekiera ekitaldiarekin bat eginez, epaiketak euskaraz egiten hasteko plan pilotua martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak. Bide horretan, Garbiñe Biurrun eta Alfonso Alvarez-Buylla magistratuek osatutako batzorde bat eratu zen.

Iragan asteazkenean, urte judizialaren irekiera ekitaldian, Imanol Pradales lehendakariak neurriak eskatu zituen epaiketak euskaraz egin ahal izateko, herritarrei "zor" zaielako ez ezik, legeak horretara behartzen dituelako.

Iturri judizialen arabera, gehienez bi hilabeteko epean aurkeztuko dute proiektu pilotua EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salaren aurrean.