Itxi

Politika

OSASUN ITUNA

"Adostasun orokorra" izan da Osasun Mahaiaren bigarren bileran, Martinezen arabera

EITB MEDIA

Gainera, Osasun sailburuak iragarri du osasun publikoaren aldeko plataformetako ordezkariekin aldebiko bilerak egingo dituela, "ahalik eta iritzi gehienak" biltzeko asmoz.

0:43
Osasun Ituna

Osasun Mahaiak bigarren bilera egin du itun zabal baten bila, eta urriaren 30ean berriro bilduko da Gasteizen diagnostikoari amaiera eman eta hurrengo faseari ekiteko, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez.

Osasungintza sektoreko eragile politiko, sindikal, profesional eta sozialak biltzen dituen mahaiko partaideek Javier Meanak aurkeztutako dokumentua eztabaidatu dute. EHUko Farmakologiako katedraduna koordinazio lanak egiten ari da mahaian. Martinezek azpimarratu duenez, "adostasun orokorra" izan da eztabaidan.

Alderdiek denbora izango dute dokumentua beren erakundeetan kontrastatzeko, eta hiru aste barru bilduko dira berriro. Aldez aurretik, ekarpenak egin ahal izango dituzte. Sailburuak aurreikusi du hilaren 30ean prozesuaren bigarren faserako, printzipioen faserako, "urratsa eman" ahal izango dela.

Bileraren aurretik, Martinezek iragarri du osasun publikoaren aldeko plataformetako ordezkariekin aldebiko bilerak egitea aurreikusten duela. Esan duenez, "ahalik eta iritzi gehien biltzea" da asmoa.

Biodonostia zentroaren egoitzan bildu dira goizean osasungintzako eragileak, eta eraikinaren atarian osasun publikoaren aldeko hainbat plataformek elkarretaratzea egin dute. Sailburuak alde guztiekin hitz egiteko borondatea agertu du, baita plataformetako ordezkariekin ere.

Halaber, nabarmendu du gaurko bilerara ESK, erizain laguntzaileen sindikatua, Buruko Gaitza duten pertsonen Elkartea eta Optikarien eta Optometristen Elkargoa batuko direla, "ordezkaritza soziala eta profesionala zabaltzeko".

Bigarren bilera honetan, Martinezek zehaztu duenez, azken asteotan eragileek egindako ekarpenekin osatutako dokumentua aurkeztuko dute. "Diagnostikoaren fasea azken txanpan sartuko da", erantsi du.

Euren aldetik, osasungintza publikoaren aldeko plataformetako ordezkariek ziurtatu dute ez dutela bilera horien berri. Osasun mahaira euren ekarpenak eta eskariak helarazteko borondatea agertu dute. "Gure diagnostikoa eta gure interesak", esan dute.

Besteak beste, Kontxi Rebollo Osasun Publikoa Defendatu plataformako kideak hitz egin du hedabideen aurrean. Haren hitzetan, osasun mahaiarekin "herritarrak lasai eduki" nahi dituzte. "Garrantzitsuena ez da ituna egitea, itunaren edukia baizik". Hori dela eta, adi egongo direla ohartarazi du. Pribatizazioak gelditzea eta lehen arreta indartzea jo ditu lehentasun, besteak beste.

Rebeka Ubera legebiltzarkideak mahaian ordezkatutako EH Bilduren ustez, dokumentuak "ez ditu garrantzitsuak diren gaiak jasotzen", horiek eta "diagnostikoan egon beharko lirateke". "Gobernantza eredua, kontratazio politika edo harreman publiko-pribatuaren definizioa jasota egon behar dira diagnostiko oso batetik abiatu nahi badugu", azpimarratu du koalizio subiranistaren bozeramaileak.

"Beraz, uste dugu lan handia dagoela aurretik, guk funtsezkotzat jotzen ditugun eta Osakidetza egungo egoerara ekarri duten arazoak mahai gainean ahal izateko", erantsi du.

Gainera, "Osakidetza zutik jarri ahal izateko anbizio handiko abiapuntu egokia izango den diagnostiko oso bat eta dokumentu on bat egiteko modu proaktiboan eta nekaezinean" lan egiteko asmoa duela aurreratu du koalizioak.