Gizartea
Osasuna
Osakidetzak 38.000 pertsona baino gehiago deitu ditu gripearen edo COVIDaren txertoa jartzeko
Agentziak | EITB Media
Hain zuzen ere, 1.500 haurri eta 80 urtetik gorako 14.407 pertsonari eman diete zita.
Osakidetzak 38.626 pertsonei hitzordua eman die gripearen eta COVIDaren aurkako txertoa jartzeko. Zita erreserbatzeko kanalak joan den ostegunean ireki ziren arrisku-taldeetako pertsonentzat eta 60 urtetik gorakoentzat. Lurraldeka, 4.169 hitzordu eman dira Araban, 20.970 Bizkaian eta 13.487 Gipuzkoan.
Iaz bezala, Osakidetza aldi berean eskaintzen ari da gripearen eta covid-19aren aurkako txertoak, izan ere, azpimarratu du txertaketa dela gaixotasun horiek prebenitzeko "tresnarik onena", eta, horregatik, herritarrak "babestera" animatu dituzte, "bereziki pertsona ahulenak". Era berean, gripearen aurkako txertaketa sistematikoa egingo zaie 6 hilabete baino gehiago eta 5 urte baino gutxiago dituzten haurrei, txertoa adin tarte horretako haurren egutegian sartu baita.
Bestalde, Osakidetzak gogorarazi du arrisku-taldeak osatzen dituzten pertsonak direla 60 urtetik gorakoak, patologia kronikoren bat dutenak (biriketakoa, bihotzekoa edo diabetesa), haurdun dauden emakumeak, osasun-profesionalak, gizarte-zerbitzuetako langileak, familia-zaintzaileak eta adinekoen egoitzetan bizi direnak.
Hasiera batean, lehentasuna emango zaie arrisku-taldeetakoei. Pertsona horiek hitzordua eska dezakete Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta, eta 80 urte edo gehiago dituztenen kasuan, pertsonalki deituko zaie.
Gainerako herritarrek azaroaren 4ra arte itxaron beharko dute txertoa hartzeko.