Gizartea
Kilometroak
Kilometroak jaiarekin bat egin dute milaka euskaltzalek Azpeitian
EITB
Lau gune prestatu dituzte, eta guztientzako moduko ekintzak eta ikuskizunak izango dira horietan egun osoan. Euskara, kulturartekotasuna, aniztasuna eta herrigintza izango dira aurtengoaren ardatzak. MAKUSIk bere txokoa izango du jaiaren barruan.
Festa giroan murgildu dira Azpeitian, Kilometroak jaian, "Izpiz izpi" lelopean. Azpeitiko Ikasberri ikastolak antolatuta, eta euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza ardatz hartuta, milaka euskaltzale bildu dira bertan. Hala, urte osoan zehar ardatz horien bueltan egindako lanketari amaiera koloretsua eman diote.
Goizeko hamarretan hasi dute jaia, Azpeitiko ikastolan egin den ekitaldiarekin. Bertan izan dira agintariak, Ikasberri ikastolako irakasle, ikasle eta gurasoak, eta jaiaz gozatzeko asmoz bertaratu diren herritarrak.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Azpeitian izan da, eta "denon artean euskal hezkuntza sistema hobetzeko eta euskara biziberritzeko" deia egin du. Horren hitzetan, "elkarlana, aniztasuna, familien atxikimendua eta kulturartekotasuna" dira bide horretan gakoak. "Gure hezkuntza sistemak eguzki-lore propioa behar du", aldarrikatu du.
Hezkuntza sailburuak gaineratu du aniztasuna dela hezkuntza sistemak duen oinarrizko balioa, eta "ikasle guztien errealitatera egokitutako eskola inklusiboan aurrera egiten jarraitzeko beharra" agertu du.
Igor Aranbarri Ikasberriren zuzendariak gogorarazi du 1979ko lehenengo ediziotik jada lautan ospatu dela jaia Azpeitian. "Kilometroen ibilbidean arrastoa uzteko asmoz" antolatu omen dute dena aurten ere. Urte osoan lanean aritu diren guztiei eskerrak eman ostean, bide horretan "erein dugun hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea" jarri du helburu.
Nagore Alkorta Elorza alkateak hartu dio lekukoa. Jaiaren leloari helduz, eskerrak eman dizkie antolatzaileei "izpi berriak sortzeko egindako lanagatik". Gaurkoan jaia eta aldarrikapena uztartzen direla esan du, eta bigarren horren harira, euskararen alde "lan sakonagoa" egiteko eskatu die eragile guztiei, hala eskatzen duelako, bere esanetan, "testuinguruak". Udalaren zereginei dagokienez, herria arnasgune izaten jarraitzeko lana egiten segituko dutela adierazi du.
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du "euskara integraziorako ezinbesteko tresna" dela. "Euskara babesten ez badugu herri gisa jai dugu", gaineratu du.
Ekitaldian, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu dituzte, Azpeitiko Ikastolak urte berezi honetarako "ezarritako lan-ardatzekin bete-betean bat egiten dutelako".
Lekukoa jasota, Elgoibar Ikastolak izango du 2025. urteko jaia antolatzeko ardura.
Lau gune
Egun osorako egitaraua antolatu dute Azpeitian. Lau gune atondu dituzte gaurko jaiaz gozatzeko: Herriko Plaza (1), Esklabak (2), Ikastola (3) eta Loiola (4). Guztientzako moduko ekintzak eta ikuskizunak izango dira gune horietan; hemen dituzu guztiak ikusgai. Eguraldia lagun, milaka lagun gerturatu dira.