Itxi

Gizartea

Kongresua

Eusko Ikaskuntzak "etorkizun hobea" eraikitzeko "ibilbide-orria" proposatu du

Agentziak | EITB

Egunotan egindako XIX. Kongresuaren ondorioen aurkezpenean, eragile sozial, ekonomiko eta politikoek modu koordinatu eta integratuan lan egiteko beharra azpimarratu dute, "justizian, inklusioan eta iraunkortasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko".

  • Ana Urkiza eta Patxi Juaristi. Argazkia: Eusko Ikaskuntza.

    Ana Urkiza eta Patxi Juaristi. Argazkia: Eusko Ikaskuntza.

Eusko Ikaskuntzak "etorkizun hobea" eraikitzeko "ibilbide-orria" proposatu du ostiral honetan, azken hiru egunetan Gasteizen 3.000 pertsona inguru bildu dituen XIX. Kongresuaren amaieran. Komunitatearen, hezkuntzaren eta prestakuntzaren balioak indartzearen aldeko apustua egingo lukeen etorkizuna irudikatu dute, besteak beste, parte-hartzea eta demokrazia, mugaz gaindiko lankidetza, eskubide kulturalen errespetua eta ekonomia iraunkorra erdigunean jarriko dituena. 

Aldaketa-palanka horiek "modu koordinatu eta integratuan landu behar ditugu, eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztien inplikazioarekin. Elkarrekin, justizia, inklusioa eta iraunkortasuna oinarri dituen etorkizuna eraiki dezakegu", azpimarratu du Patxi Juaristi XIX. Kongresuko presidenteak ondorioen aurkezpenean. 

Bestalde, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu duenez, "etorkizuna denen artean eraiki behar dugula adierazi nahi izan dugu, errealitate eta sentsibilitate guztiak hartuta eta elkarrekin bidea egiteko nahiarekin". "Gaur, hemen bilduta, bidea markatu eta etorkizuneko pausoak adostu ditugu, kohesioaren, elkarlanaren eta justiziaren aldeko konpromisoa hartuta", gaineratu du.

Ekitaldian, euskal kultura eta aniztasun kulturaren balioa nabarmentzearen alde agertu da, "Euskal Herrian nortasun eta kultura inklusiboago bat eraikitzeko bidean", eta herritarrak eta komunitateak aktiboki parte hartzera bultzatzearen alde, "haien beharrak eta interesak identifikatu eta horiek asetzeko ekimenak gaatzeko".

"Lurraldetasunaren erronkari XXI. mendeko tresnak eta ko-eraikuntza prozesuak baliatuz aurre egitea" proposatu du, "lurraldeen arteko elkar-ezagutza sustatuz, lurralde kohesioaren inguruko deliberazioa bultzatuz eta aliantzak sendotuz", eta, azkenik, "ongizate integrala" lortzeko bidean aurrera egitea ere proposatu du, "ingurumenaren iraunkortasuna, justizia soziala, belaunaldien arteko ekitatea eta etorkinen inklusioa uztartuko dituen eredu sozioekonomiko eta ongizate integrala garatzen laguntzeko proposamena" eginez.