Itxi

Gizartea

Europako auzitegia

Landare-jatorriko produktuak izanagatik, "saltxitxa" edo "xerra" izendatzeko baimena eman du Europak

Agentziak | EITB

Auzitegiaren ustez, estatuek ezin dute eragotzi, debeku orokor eta abstraktu baten bidez, landare-proteinaz egindako elikagaien ekoizleek ohiko izendapenak edo izendapen deskribatzaileak erabiltzea elikagai horien izena adierazteko betebeharra betetzeko orduan.

  • Saltxitxa beganoak.

    Saltxitxa beganoak.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ostiral honetan ebatzi duenez, baimenduta dago haragi-produktuen berezko terminoak erabiltzea, hala nola "saltxitxa" edo "xerra", landare-proteinaz egindako produktuetarako, berariazko izen juridikorik ematen ez den bitartean. 

2022an abiatutako auzia da, urte horretan Frantziak dekretu bat onartu baitzuen landare-proteinak dituzten produktu eraldatuak izendatzeko "bistec" edo "saltxitxa" izenak erabiltzea debekatzeko, "begetala" edo "sojazkoa" bezalako zehaztapen gehigarririk erantsi gabe. Neurriaren aurka helegitea aurkeztu zuten Frantziako justiziaren aurrean produktu begetarianoen kontsumoa sustatzen duten hiru elkartek eta enpresa batek, eta Frantziako auzitegiak Luxenburgokoari horren inguruan galdetzea erabaki zuen.

Bada, EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du EBko elikagaiei buruzko informazioaren erregelamenduak aurreikusten duela elikagaiaren izena haren "izendapen juridikoa" izango dela, eta, izendapen juridikorik izan ezean, "ohiko izena" erabiliko dela, eta, halakorik ez balego, berriz, elikagaiaren "izendapen deskribatzailea" emango dela.

Horrela, Justizia Auzitegiak honako hau ondorioztatu du: "Izendapen juridikorik eman ez denean, estatu kideek ezin dute eragotzi, debeku orokor eta abstraktu baten bidez, landare-proteinadun elikagaien ekoizleek elikagai horien izendapena adierazteko betebeharra betetzeko ohiko izendapenak edo izendapen deskribatzaileak erabiltzea". 

Hala ere, zehaztu duenez, agintaritza nazional baten ustez elikagai bat saltzeko edo sustatzeko modu jakin batek kontsumitzailea engainatzen badu, enpresaren aurka egin ahal izango du.