Itxi

Gizartea

Klima-aldaketa

398 lagun hil ziren muturreko beroagatik Gipuzkoan 2015 eta 2023 artean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

2022koa inoizko urterik beroena izan zen Gipuzkoan, eta iazkoa, bigarren beroena.

  • Emakume bat aurpegia bustitzen

    Emakume bat aurpegia bustitzen. Artxiboko argazkia: EFE

398 pertsona hil ziren Gipuzkoan 2015 eta 2023 artean tenperatura altuengatik. Horrek esan nahi du klima-aldaketak "eragin zuzena eta zeharkakoa duela herritarren osasunean", txosten batek erakutsi duenez.

Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Naturklimako zuzendari Xabier Estebanek aurkeztu dute gaur datu horiek ondorioztatu dituen ikerketa. Horren arabera, historiako bigarren urterik beroena izan zen 2023koa Gipuzkoan. Hain zuzen ere, urtebete lehenago neurtu zituzten inoizko tenperatura altuenak

Muturreko tenperaturek batez ere 65 urtetik gorako pertsonei eragiten diete. 2015etik 2023ra adin tarte horretako 382 lagun hil ziren Gipuzkoan, guztira hildakoen % 96.

Gizonak baino emakume gehiago zendu ziren (% 54,6), gehienbat 85 urtetik gorakoen artean (186 emakume eta 71 gizon).

Batezbesteko tenperatura 14,2 gradukoa izan zen iaz Gipuzkoan, azken 30 urteetakoa baino 0,67 gradu beroagoa, eta 1981 eta 2010 bitartean neurtutakoa baino 0,75 beroagoa.

Itsasoaren tenperatura ere igotzen ari da, 0,20 eta 0,26 gradu hamarkatik hamarkadara. Prezipitazioei dagokienez, aldiz, ez da aldaketa adierazgarririk izan.