Gizartea
Osakidetza
Gripearen eta covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina, abian
EITB Media
Txertoa hatzen lehenak 60 urtetik gorako pertsonak, patologia kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak, osasun-profesionalak eta adineko egoitzetako erabiltzaileak izango dira. Txertoa hartzeko interesa dutenek Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta har dezakete hitzordua.
-
Herritar bat txertoa hartzen. Artxiboko argazkia: EFE
Gripearen eta covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina astelehen honetan hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta arriskuko eta 60 urtetik gorako herritarrei zuzenduko zaio.
Txertoa hatzen lehenak 60 urtetik gorako pertsonak, patologia kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak, osasun-profesionalak eta adineko egoitzetako erabiltzaileak izango dira.
Bigarren urtez jarraian, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrak sartuko dira kanpainan; izan ere, txertaketa-egutegian barneratu da bronkiolitisaren aurkako babes-neurri gisa, arnas aparatuko beste gaixotasun batzuen artean.
20 hilabetetik gorako umeei, sudurretik emango diete txertoa, injekzioaren ziztada saihesteko, eta gainerako herritarrei muskulu barruko ohiko txertoarekin emango diete botika.
Txertoa hartzeko interesa dutenek Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta har dezakete hitzordua.
Gainerako herritarrek azaroaren 4tik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua.
Osasun Sailak gripearen aurkako 755.000 txerto baino gehiago eskuratu ditu aurtengo kanpainarako, eta aurreikuspena da kopurua 900.000 baino gehiagoraino areagotzea.
Iaz, gaixo kronikoen % 70ek, haurdunen % 53k, 65 urtetik gorakoen % 64k, 60 urtetik gorakoen % 58k eta osasun-langileen % 38k hartu zuten txertoa. Haurren kasuan, % 16k baino ez zuten jaso, txertaketaren lehen urtea baitzen. Kanpaina honetan, berriz, umeen % 35ek hartzea espero dute.