Gizartea
Euskal Herriko Unibertsitatea
Iruzkin matxista eta homofoboak egin zituen irakaslea kargutik kentzeko prozesua hasi du EHUk
EITB Media
Horrez gainera, iruzkinak Fiskaltzara bidali ditu delitu diren ala ez erabaki dezan.
-
Irakaslea, segurtasun indarrek babestuta, gelatik irten zen unea.
Euskal Herriko Unibertsitateak sare sozialetan iruzkin matxista, homofobo eta arrazistak argitaratu zituen Bizkaiko Zuzenbide Fakultateko irakaslea kargutik kentzeko prozedura hasi du. "Azterketa juridiko baten ondoren" hartu duela erabakia jakinarazi du EHUk, ohar bidez.
Unibertsitatearen iritziz, "argi eta garbi dago" argitaratutako mezuak "bateraezinak" direla euskal unibertsitate publikoaren "printzipioekin eta balioekin". Horrez gainera, delitua izan daitezkeelakoan, Fiskaltzari bidali dizkio.
Irakaslea irakaskuntzatik baztertuta egon da, unibertsitateak Genero Indarkerien aurkako Protokoloaren esparruan irekitako prozedura amaitu arte.
Gizon horren eskolak jasotzen zituzten ikasleek EHUri eskatu zioten irakasleak ez ziezaiela "berriro eskolarik eman" eta ikasgaia emateko gaitasunari buruzko zalantzak agertu zituzten, ohar batean.
Ikasturte hasieratik hainbat mobilizazio egin dira Leioako campusean irakaslearen iritzi eta jarreraren kontrako protesta egiteko. Joan zen ostiralean, irailak 27, segurtasun-agenteek inguratuta atera zen ikasgelatik.
Ikasleek adierazi dute protestak "baketsuak" izan zirela eta, argitaratu zenaren aurka, irakaslea ez zela bere borondatearen aurka atxikita egon. EHUk, bere aldetik, irakaslearen aurkako "hertsapen-ekintzak" gaitzetsi zituen, baita irakasle horrek sareetan egindako iruzkinak ere.