Gizartea
GERTAKARIA
Mutrikuko alde zaharrean uztailean erretako eraikina behera etorri da
EITB MEDIA
Goizeko 05:45ean izan da gertaera. Ez dago zauriturik eta gertatutakoa ikertzen ari dira. Sutea joan den uztailaren 21ean piztu zen Gipuzkoako udalerrian, eta sugarren ondorioz eraikina oso kaltetuta geratu zen. Bost pertsona zauritu ziren sutean.
-
Uztaileko sutearen irudi bat: Irudia: EFE
Joan den uztailean Mutrikuko alde zaharreko Barrenkale kalean sugarrek kiskali zuten eraikinaren zati bat behera etorri da asteazken honetan, goizaldeko 06:00ak aldera. Ezbeharrean ez du inork minik hartu. Eraikina aldamioz hesituta zegoen sutea gertatu zenetik, oinezkoen segurtasuna bermatu asmoz.
Sutea pasa den uztailaren 21ean piztu zen, Barrenkale kaleko 6. zenbakian. Eraikinak egurrezko egitura duenez, sugarrak azkar zabaldu ziren eta eraikina goitik behera kiskali zen. Bost pertsona zauritu ziren ezbeharrean, eta horietatik bi (ama-semeak) ospitalera eraman behar izan zituzten.
Sutearen ondorioz eraikina oso kaltetuta geratu zen, eta, badaezpada ere, aldamioak jarri zituzten. Gainera, kaleko trafikoa itxi egin zuten, eraikina behera erori zitekeelakoan.
Eta hala gertatu da. Gaur goizean, eraikina behera etorri da, ia osorik. Zorionez, ez da inor zauritu.