Gizartea
Tiroketa Barakaldon
Barakaldoko tiroketari buruzko ikerketa zabalik dago eta zazpi atxilotuek Ertzaintzaren esku jarraitzen dute
Agentziak | EITB MEDIA
Ertzaintzak guztira zazpi pertsona —30 eta 58 urte bitarteko bost gizon eta bi emakume— atxilotu ditu Barakaldoko tiroketan nahastuta daudelakoan, eta hurrengo orduetan eramango dituzte epailearen aurrera. Atxilotuen etxebizitzetan arma ugari atzeman ditu Ertzaintzak.
-
Ertzainak Barakaldoko tiroketaren tokian. Argazkia: EFE
Barakaldoko tiroketan nahastuta daudelakoan atxilotutako zazpi pertsonak Ertzaintzaren esku daude oraindik, epailearen aurrera noiz eramango zain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Bien bitartean, Ertzaintzak gertaturikoa ikertzen jarraitzen du.
Atzo arratsaldean atxilotuen etxebizitzak miatu zituzten, froga bila, haietako batzuk bertan zirela. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, miaketa horietan arma ugari atzeman zituzten: bost eskopeta, bi errebolber, pistola bat, hainbat kalibretako munizioa, labana automatikoak, matxeteak eta bestelako arma zuriak.
Igande arratsaldean Barakaldoko Burtzeña auzoko bi familiaren artean izandako liskar batean gizon bat hil eta bi pertsona zauritu ziren. Bi zaurituek (adin txikiko bat tartean) Gurutzetako Ospitalean jarraitzen dute.
Lehen unean, Ertzaintzak 36, 38 eta 26 urteko hiru gizon atxilotu zituen, borroka gertatu zen lekuan. Gerora, beste lau pertsona atxilotu zituen. Beraz, guztira, zazpi dira atxilotutakoak: 30 eta 58 urte bitarteko bost gizon eta bi emakume. Halaber, zortzigarren pertsona bat ere (gizonezkoa) atxilo hartu zuten Gurutzetako Ospitalean, agintaritzari desobeditzea egotzita. Izapideak amaitu ondoren, ordea, aske utzi zuten.
Bestalde, Ertzaintzak tiroketa gertatu zen tokia hesitu du, bi familien arteko aurrez aurreko gehiago egotea saihesteko.