Gizartea
Abortoa
Euskadin 4.225 andrek beren borondatez eten zuten haurdunaldia iaz, eta Nafarroan 1.054k
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Adin tarteei dagokienez, 1.023 abortu 20-40 urteko emakumeenak izan ziren Hego Euskal Herrian, eta gehienak zentro pribatuetan egin ziren.
-
Emakume bat haurdun. Argazkia: Pixabay
Euskadin 4.225 emakumek beren borondatez eten zuten haurdunaldia 2023an. Hau da, 15 eta 44 urte bitarteko mila emakumeko 11,92ko abortu tasa izan zuen iaz erkidegoak, Osasun Ministerioak gaur, larunbatarekin, argitaratu duen txostenean jasotzen denez.
2022tik koska bat egin du gora zenbatekoak, orduan 11,38 abortu egin baitziren 1.000 emakumeko.
Bizkaiak du kopuru altuena (2.282), Gipuzkoan 1.198 abortu egin ziren, eta Araban 745.
Adin tarteei dagokienez, 972 abortu 20-40 urteko emakumeenak izan ziren. 30 eta 34 urte bitartekoen artean, 920 abortu egin ziren, 15 urtetik beherakoetan 6, eta 44 urtetik gorakoetan 32.
Bestalde, ospitaleetatik kanpo egin ziren abortu gehienak Euskadin (3.994), eta horietatik 3.991 zentro pribatuetan.
Beraiek eskatuta abortatu zuten 3.998 emakumek, fetoak zituen arazoengatik 148k, amaren bizitza edo osasuna arriskuan zegoelako 51k, eta fetuak aurrera ateratzeko aukerarik ez zuelako 28k.
Nafarroan 9,14 abortu egin ziren 1.000 emakumeko
Orotara, 1.054 emakumek eten zuten haurdunaldia Nafarroan iaz.
251 abortu 20-24 urteko emakumeen artean egin ziren; 235 abortu 25 eta 29 urte bitarteko emakumeen artean. Kasu bat izan zen 15 urtetik beherako nesken artean, eta 10 izan ziren 44 urtetik gorakoetan.
Kasu honetan ere, ospitaleetatik kanpo egin ziren abortu gehienak (986).
Espainian, guztira 103.097 abortu egin ziren, 2022an baino 4.781 gehiago (% 4,8ko hazkundea aurreko urtetik, eta % 8,7koa 2014tik.)
Ospitale pribatuetan egin zituzten, hain zuzen ere, abortu horien % 81,45.