Itxi

Gizartea

BENGALAK ERROMAN

UEFAk sarrerarik gabe utz dezake Athletic Europa Ligako kanpoko partidetarako

agentziak | eitb media

Ertzaintza eta Italiako Polizia elkarlanean ari dira Erroman bengalak jaurti zituzten Athleticen jarraitzaileak identifikatzeko. Bestalde, segurtasun dispositibo berezia ezarri dute Realaren eta Anderlechten arteko partidarako.

  • Bengala bat Erroman. Argazkia: EITB

    Bengala bat Erroman. Argazkia: EITB

Isun ekonomikoetatik haratago, UEFAk sarrerak uka diezazkioke Athletici Europa Ligako kanpoko partidetarako. Azaroaren 7an izango du kanpoan hurrengo partida Bilboko taldeak, Bulgarian hain zuzen ere, Ludogoretsen aurka.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri du Ertzaintza Italiako Poliziarekin elkarlanean ari dela Erromaren jarraitzaileen aurka bengalak jaurti zituzten Athleticeko zaleak identifikatzeko.

Zupiriak gogorarazi du, gainera, ostegunean Europa mailako hiru partida garrantzitsu jokatuko direla EAEn: Realak Anoetan, Athleticek Bilbon eta Baskoniak Gasteizen.

"Guztion ardura da beste taldeetako zaleekin errespetuz jokatzea, kiroltasunez jokatzea, eta kirol ekitaldi horietan parte hartzen duten pertsona guztien arteko elkarbizitza erraztea", adierazi du Zupiriak.

Dispositibo berezia Anoetan

Hain zuzen ere, Realak eta Anderlechtek ostegunean jokatuko duten partida arrisku handikotzat jo dute, eta segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte, besteak beste Anoeta ingurua trafikorako erabat ixtea 16:30etik 19:00etara.

Belgikako taldearen mila zale espero dira Donostian, zale ultrak tartean.

Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Donostiako Udalak 16:30etik aurrera Amara Berrin, Pio XII.aren plazaren eta Anoeta Estadioaren artean, trafikoa galaraztea erabaki dute, egoiliarrentzat, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen garraiobideentzat eta osasun arretako langileentzat izan ezik.

Garraio publikoa martxan egongo da bi norabideetan, baina Isabel II.aren hiribideko eta Aita Donostia plazako geltokiak ez dira martxan egongo.