Gizartea
Save the Children-en txostena
EAEko adingabe gehienak telebistan eta sareetan informatzen dira; ia erdiek ez dute faltsua dena bereizten
O. A. | EITB Media
"Desinformazioa eta gorroto diskurtsoak ingurune digitalean" izenburupean Save the Children erakundeak argitaratutako txostenaren arabera, bostetik batek ez du informazioa kontrastatzen albistea faltsua izan daitekeela uste arren.
-
EAEko adingabeek informatzeko erabiltzen dituzten euskarriak. Grafismoa: EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko nerabeen % 54k telebista erabiltzen dute informatzeko, ia sare sozialen maila berean (% 46,5), eta ia erdiek onartzen dute zailtasunak dituztela albiste faltsuak identifikatzeko; are gehiago, bostetik batek ez du informazioa kontrastatzen albistea faltsua izan daitekeela uste arren.
Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak egindako "Desinformazioa eta gorroto diskurtsoak ingurune digitalean" txostenaren arabera, adin txikikoek senideen edo lagunen bitartez jasotzen dute informazioa, batik bat.
Sare sozialei eta eduki sortzaileei dagokienez, nerabeen % 16k uste dute informazio iturri fidagarriak direla beti, eta hirutik bi dira, berriz, kasu jakin batzuetan fidagarriak izan daitezkeela pentsatzen dutenak.
Adingabeen % 45ek, gainera, ez dakite egiazko informazioa eta faltsua bereizten, eta bostetik batek ez du kontrastatzen, faltsua izan daitekeela uste arren. Informazioa kontrastatzen dutenen kasuan, erdiek lagun eta senideengana jotzen dute horretarako.
Bizitza eta edertasun eredu idealizatuen etengabeko esposizioak gaztetxoen ongizate emozionalean dituen arriskuez ere ohartarazi du Save the Childrenek.
Eduki sortzaileei lotuta, ikerketak aldeak antzematen ditu mutilen eta nesken artean. Lehendabizikoek, oro har, jarraitzaile gehiago dituzte eta jokabide arriskutsuak izaten dituzte (iruzkin sexual errepikariak partekatzea, pornografiaren usadiozko erreferentziak egitea, droga kontsumoa eta jazarpen jarrerak banalizatzea, kasu). Emakumezko eduki sortzaileek (streamer) askoz jarraitzaile gutxiago dituzte gizonezkoen aldean, eta sarritan era guztietako erasoak jasan behar izaten dituzte, besteak beste, sexu abusuen biktimak defendatzeagatik, bikotekide ohi baten tratu txarrak ikusarazteagatik, edota estereotipoak ez betetzeagatik (makillajea, depilazioa, etab.).
Hori guztia dela eta, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko lege organikoan jasota dauden neurri guztiak aplikatzea eskatu du Save the Children erakundeak, ingurune digitala gune segurua izan dadin. Halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako hezkuntzaren alde egin du.
Save the Childrenen ikerketaren oinarria 292 neraberi EAEko sei ikastetxetan egindako inkestak dira. Gainera, sektoreko adituek eta profesionalek ez ezik, teknologiarekin arazoak dituzten gazteekin lan egiten duten gizarte langileek eta web-zerbitzuen sortzaileek parte hartu dute.