Itxi

Gizartea

Protesta

Manifestazioa deitu dute Bilbon urriaren 5erako, Palestinako herriaren askatasuna berriro aldarrikatzeko

Agentziak | EITB Media

'Palestinarekin Elkartasuna' taldeko bozeramaileak Israelekin "harreman normalizatuak" dituzten gobernuak kritikatu ditu. Deitoratu duenez, "Libanoko erasoek erakusten dute sionistak ahalegintzen ari direla genozidioa eskualdeko beste herrialde batzuetara zabaltzeko".

  • 'Palestinarekin Elkartasuna' erakundearen prentsaurrekoa Bilbon. Irudia: Palestinarekin Elkartasuna

    'Palestinarekin Elkartasuna' erakundearen prentsaurrekoa Bilbon. Irudia: Palestinarekin Elkartasuna

'Palestinarekin Elkartasuna' erakundeak manifestazioa deitu du urriaren 5erako Bilbon, "Palestinako herriaren askatasuna aldarrikatzeko".

Azahara Hag 'Palestinarekin Elkartasuna' taldeko bozeramaileak Bizkaiko hiriburuan egindako prentsaurreko batean salatu duenez, "zuzenean egindako eta zabaldutako sarraskia" izan da: "Gazako zerrendaren bonbardaketa sistematikoa, herritarren desplazamendu masiboa, Zisjordaniako lurralde okupatuan kolonoen gorakada, gosea eta egarria gerra-arma gisa erabiltzea edo ospitaleak eta eskolak suntsitzea".

Zenbaketa ofizialen arabera 40.000 eraildako baino gehiago izan direla esan ostean, beste estimazio batzuen arabera 200.000 izan daitezkeela erantsi du. Horregatik, Israelekin "harreman normalizatuak" dituzten gobernuak kritikatu ditu.

Haren ustez, "genozidio hau ez litzateke posible izango mendebaldeko gobernu inperialisten babes politiko, ekonomiko eta militarrik gabe", eta salatu du Espainian "eskuineko alderdiek Israel eta haren ustezko defentsa eskubidea" babesten dutela, eta PSOE buru duen Gobernuak, "Palestinaren aldeko mezu hutsalak izan arren, Estatu sionistari armak ematen jarraitzen duela".

Hori dela eta, "Palestina deskolonizatzeko eta estatu sionista desegiteko" deia egin du, eta "elkartasun eraginkorra" garatzeko, "sionismoa eta haren konplizeak maila guztietan seinalatu behar dira, eta aurre egin behar zaie, boikota eta mota guztietako harremanak, diplomatikoak zein komertzialak, eteteko eskakizunetik abiatuta".

"Libanoko erasoek erakusten dute sionistak ahalegintzen ari direla genozidioa eskualdeko beste herrialde batzuetara zabaltzeko", deitoratu du. "Horregatik, Palestinako herriaren askatasuna aldarrikatzen jarraitzea dagokigu", esan du, urriaren 5ean Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzeko.