Itxi

Gizartea

Agiri bateratua

150 emakume musikariren ustez, "oso larria" da Sarduik "musikagintzan diskriminaziorik ez" dagoela esatea

EITB Media

Andreen "errealitatea baztertzea" eta jasandako "egiturazko oztopoak guztiz minimizatzea" egotzi diote Gatiburen abeslariari. "Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago", salatu dute. Besteak beste, Izaro Andres, Olatz Salvador, Aiora Renteria eta Josune Arakistainek sinatu dute idatzia.

  • Sardui, kontzertu batean.

    Sardui, kontzertu batean. Artxiboko argazkia: EITB Media

"Musikagintzan ez da genero diskriminaziorik egon edo nik ez dut ikusi. Egia da ez daudela hainbeste emakume lanean, baina ez da inoiz diskriminaziorik egon", halaxe bota zuen, irmo, Alex Sardui Gatiburen abeslariak eldiario.es-i emandako elkarrizketa batean.

Adierazpenok Euskal Herriko musikagintzan dabiltzan emakume feministen eta genero disidenteen haserrea eragin dute, eta hori salatzeko agiria kaleratu dute Instagram sare sozialean (@lauzpabost_ profila sortu dute). Diotenez, Sarduiren hitzak "oso larriak" dira, eta "nazkatuta" daude halakoekin. Kritikatu dutenez, "ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago". 

Artiston aburuz, musikagintzan genero diskriminazioa ukatzeak "emakume askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain, emakumeok aurre egin beharreko egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen ditu". Erantsi dutenez, datuek idea hori gezurtatzen dute: "Genero diskriminazioa benetako arazoa da". 

Elkarrizketaren beste une batean, duela 20 urte Euskal Herriko musikagintzaren panoraman "laupabost" emakume baino ez zeudela esan zuen Sarduik. Horri ere erantzun diote emakumeok. Euren ustez, "gezur eta akats galanta" da hori adieraztea, eta "interes eta informazio faltari" egotzi diote. "Laupabost baino gehiago gara, laupabost baino gehiago izan gara beti... eta antolatuta gaude!", ihardetsi diote Gernikako abeslariari. 

Euren irudiko, Sarduik euskal musikagintzan "beti lehen planoan izan den gizon baten ikuspuntua du (...) oso eroso dagoen baten hitzak dira". Kritikatu dutenez, musikariak entzungor egin die urteotan egin diren "dokumental, mahai-inguru, elkarrizketa eta abarrei", eta "musikaren beste ahots batzuk entzuteko gogo gutxi eta interes falta asko" izatea leporatu diote. 

Guztira, 150 andrezkok egin dute bat adierazpenarekin. Adin eta musika estilo askotarikoak daude tartean. Besteak beste, honako hauek daude sinatzaileen artean: Aiora Renteria (Zea Mays), Izaro Andres, Ines Osinaga, Olatz Salvador, Olaia Intziarte, Josune Arakistain (Huntza, Süne), La Furia, Elena Caballero (La Basu), Iratxe Aguilera (Kai Nakai), Maite Arroitajauregi, Maialen Gurbindo (Chica sobresalto), Lide Hernando (Liher), Yogurinha Borova, Anne Lukin, Danae Riaño... Zerrenda osoa ikusteko, kontsultatu hemen

Agiria atera ostean, beste musikari batzuek babesa eman diote, hala nola Anarik. 

Sarduik barkamena eskatu du

Agiria argitaratu ostean, Gatibu taldeko abeslariak barkamena eskatu die emakume musikariei eta andrazko guztiei. Aitortu duenez, hitzok "lekuz kanpo daude". 

Maialen Ferreira eldiario.es-eko kazetariak ere hitz egin du polemikaz. Jakinarazi duenez, hasiera batean elkarrizketa manipulatzea egotzi zion. Elkarrizketa grabatuta zuen Ferreirak eta, beraz, halakorik ez zegoela eta, berari ere barkamena eskatu zion Sarduik.