Gizartea
INDAKERIA MATXISTA
Behin-behinean espetxera bidali dute adin txikikoei sexu-erasoa egiteagatik Uharten atxilotutako gizona
EITB MEDIA
Jai eremuan izan ziren erasoak, eta barraketako langilea da atxilotutako gizona. Epaileak gaur kaleratutako autoak dioenez, orain arte bederatzi salaketa aurkeztu dituzte atxilotuaren kontra ukituak egitea egotzita.
Aoizko Auzitegiak behin-behinean, fidantzarik gabe eta komunikatuta espetxera bidali du joan den larunbatean adin txikikoei sexu-erasoak egitea egotzita atxilotutako gizonezkoa.
Epaileak gaur kaleratutako autoak dioenez, orain arte bederatzi salaketa aurkeztu dituzte atxilotuaren kontra ukituak egitea egotizita, eta ez da baztertzen ikerketak aurrera egin ahala biktima gehiago agertzea.
Joan den larunbatean, irailaren 21ean, izan ziren salatutako erasoak, Uharteko jai eremuan. Barraketako langile bat da ustezko erasotzailea, eta salaketen arabera, 11 eta 15 urteko neskei ukituak egin zizkien ipurmasailetan, hanketan eta bularretan. Atrakzio batetik kanpora ateratzea ere eragotzi zien, atea blokeatuz.
Epaileak iritzi dio salatzaileek (nesken gurasoek) emandako azalpenak "oso koherenteak" direla.
Bere aldetik, Fiskaltzak eskatu du atxilotua behin-behinean espetxean sartzeko, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta, eta akusazio popularrak bat egin du eskariarekin.
Atxilotuaren abokatuak, berriz, aurka agertu dira.