Gizartea
Eusko legebiltzarra
Perez Iglesias sailburuak ikerlarientzat Ikasketa Aurreratuen Zentroa sortzea proposatu du
EITB MEDIA
Hurrengo lau urteotan Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lerro nagusien nondik norakoak azaldu ditu Legebiltzarrean. Iragarri duenez, euskarazko ikasketen kopurua handitu eta beketarako diru gehiago bideratuko du (% 6ko igoera).
-
Perez Iglesias, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak ikerlariei —EAEkoak zein nazioartekoak— zuzendutako Ikasketa Aurreratuen Zentroa sortzea proposatu du.
Sailburua Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, astelehenarekin, Zientzia Batzordean bere departamentuak 2024-2028 aldian izango dituen gidalerroak azaltzeko.
Azaldu duenez, Ikasketa Aurreratuen Zentroak hiru helburu izango ditu. Batetik, euskal ikerketa-jardueraren nazioarteko aintzatespena erraztea. Bestetik, EAEko ikasleei "maila goreneko prestakuntza modu onean" ematea, eta azkenik, beste herrialde batzuetako ikasleak erakartzea, beren diziplinen abangoardian dauden ikertzaileen helmuga akademikoa izateko.
Sailburuak esan du unibertsitate euskaldun bat duela xede, "gizartetik eta enpresa ehunetik gertu egongo dena, mundura irekita egongo dena eta, batez ere, bere diziplinen abangoardian dauden profesionalen eskutik prestakuntzarik onena eskaintzeko gai izango dena". Lehenaren harira, euskarazko ikasketen eskaintza handituko duela iragarri du, baita online ikasketena ere.
2026-2030 Unibertsitate Planari dagokionez, Sailak inbertsio publiko-pribatu handiagoa aurreikusiko du, eta beketara diru gehiago (% 6ko urteko igoera) bideratuko duela iragarri du. Perez Iglesiasen arabera, nazioarteko mugikortasuneko bekak indartuko dituzte, eta ikertzen hasteko laguntza bereziak ezarriko dituzte (doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko programetako inbertsioak % 6 haziko dira).
Halaber, unibertsitateko eragile guztiekin akordio zabal bat lortzeko deia egin du, "Unibertsitate-prestakuntzaren eta ikerketaren aldeko Ituna" izenpetzeko. Azaldu duenez, itunak talentu handiko pertsonak prestatu eta ezagutza aurreratua sortuko duen sistema baten oinarriak eta araudiak ezarriko ditu. Horretarako, Euskal Unibertsitateari buruzko Legea sartuko du legegintza-egutegian.