Gizartea
Zaintza sistema
Gasteizko Arabarren erresidentzian "zaintza eskasa" ematen ari direla salatu dute
agentziak | eitb media
Era berean, "plantillaren zati handi bat" ez dela profesionala eta "gutxiespenak, medikazio akatsak eta arropak desagertzen" direla kritikatu dute.
-
Erresidentzia bat, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Zaintza Araba elkarteak salatu du "murrizketak eta zaintza eskasa" ematen ari direla Gasteizko Arabarren zaharren erresidentzian, eta "plantillaren zati handi bat" ez dela profesionala eta "gutxiespenak, medikazio akatsak eta arroparen desagerpenak" izaten direla.
Kolektiboak aitortu du legezko ratioa errespetatzen duela Mondragon Taldeak kudeatzen duen geriatriko publikoak. Era berean, kritikatu du baremoak ez direla "beharko liratekeenak kalitatezko arreta emateko".
"Kasu batzuetan, gaueko laguntzaile bakarra egoten da eta beste solairu batera joan behar denean, erabiltzaile asko bakarrik geratzen dira", salatu du Zaintza Arabak.
Bestalde, elkarteak kritikatu du Aldundiak 800 euroko isuna jarri nahi diola egoiliar bati, hain zuzen ere "patologia asko eta adimen galera dituen, eta batzuetan jarrera oldarkorrak dituen " Laudioko San Roque zentroko egoiliar bati.
Egoiliar hori "ez zuten Osakidetzak esandakoaren arabera medikatzen", eta "behar zuena osasun arreta eta zaintza egokia ziren", gaineratu du elkarteak.
Salaketa horien harira, EH Bilduk ekimenak porposatu ditu Arabako Batzar Nagusietan, Gorka Urtaran Gizarte Politikako diputatuak erresidentzien egoeraren berri eman eta "irregulartasunak konpontzeko zein neurri hartuko duen" azal dezan.