Itxi

Gizartea

Eustat

Lehen hiruhilekoan 1.058 ezkontza izan dira EAEn, iaz epe berean baino % 2,8 gutxiago, eta ia denak zibilak

Agentziak | EITB Media

Gipuzkoa izan da salbuespena, urtarriletik martxora iaz baino % 3,5 ezkontza gehiago erregistratu baitira.

  • Ezkontza bateko irudia

    Ezkontza bateko irudia. Egile eskubiderik gabeko irudia

Aurtengo urtarriletik martxora 1.058 ezkontza izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), iaz epe berean baino % 2,8 gutxiago, Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur zabaldutako datuen arabera. Halaber, ezkontza horietatik zibilak % 97,9 izan dira, iaz lehen hiruhilekoan baino 1,7 puntu gehiago.

Urtebetean, Araban egin du behera gehien ezkontza kopuruak, % 7,9 (140, guztira) eta Bizkaian, berriz, % 3,2 gutxiago izan dira (518, guztira). Gipuzkoa izan da salbuespena, 355 ezkontza erregistratu baitira, % 3,5 gehiago. 

Ezkontza guztietatik, 1.020 sexu desberdineko pertsonen artekoak izan dira (% 96,4). Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak, berriz, 38 izan dira: 20 gizonen artekoak eta 18 emakumeen artekoak.

803 gizonentzat (% 79,4), lehen ezkontza izan da; eta 189 dibortziatu (% 18,7) eta 19 alargun (% 1,9) berriro ezkondu dira. Lehen aldiz ezkondu diren emakumeen ehunekoa gizonena baino txikiagoa da: 795 emakume (% 78,8); bestalde, 201 dibortziatu (% 19,9) eta 13 alargun (% 1,3) izan dira.

Adinari dagokionez, gizonen 10etik 9k 30 urte edo gehiago zituzten; emakumeen kasuan, berriz, % 86k baino ez. Aurreko urteko aldi beraren aldean, proportzio horrek gora egin du, bai gizonen kasuan (% 89,6 iaz), bai emakumeen kasuan (% 84 iaz).

Gizonezko ezkonberrien % 31,6 eta emakumezko ezkonberrien % 24,8 atzerritarrak dira. Ehuneko hori handitu egin da urtebetean, orduan % 27,4 eta % 20,3 izan baitziren, hurrenez hurren.