Itxi

Gizartea

Omenaldia

Erakundeek bosgarren urtez gogoratu dituzte EAEn covid-19aren ondorioz hil ziren 8.000 pertsonak

Agentziak | EITB

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Gasteizko Sempervirens parkean biktima guztien omenez landatutako sekuoia gaztearen aurrean, "galdu dugunaz" hausnartu nahi izan du, baita "aurrera egitera bultzatu gintuena balioetsi ere".

  • Martinez eta Etxeberria, gaur. EFE

    Martinez eta Etxeberria, gaur. EFE

Beste urte batez, bosgarrenez, covid-19ak EAEn utzi zituen 8.000 biktimak oroitzeko ekitaldia egin dute larunbat honetan Gasteizen. Sempervirens parkean landatutako sekuoia gaztearen aurrean lore sorta bat ipini dute erakundeetako ordezkariek, Alberto Martinez Osasun sailburua buru zutela. 

 "Gure bizitzetan mugarri izan den" covid-19aren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hil ziren 8.000 pertsonak gogoratu ditu sailburuak. "Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua naizen aldetik, ez ditut biktima horiek guztiak ahaztu nahi, eta elkartasuna adierazi nahi diet gehien pairatu zutenei, ez baitugu ahaztu nahi, zenbakiez haratago, familiak eta pertsonak daudela", esan du.

Gainera, gogoeta egiteko probestu du ekitaldia, "batetik, galdu dugunari buruz, eta, bestetik, aurrera egitera bultzatu gintuena balioesteko, hala nola elkartasuna, enpatia, apaltasuna eta talde-lana; horiek guztiak kontuan hartzen ditugu Euskadi hobea eraikitzen jarraitzeko".

Ildo horretan, gogorarazi du egoera ezezagun baten aurrean osasun-sistemak, erakundeek eta gizarteak, oro har, bat egin behar izan zutela horri aurre egiteko, "lehentasuna beti osasunaren defentsa izan baita, bereziki pertsona kalteberena".

Omenaldi horrek Alzheimerraren Munduko Egunarekin bat egin duenez, sailburuak gaixotasun hori duten Euskadiko 30.000 pertsonak gogoratu ditu, eta adierazi du eritasun horiei heltzea lehentasuna izan dela beti, eta gobernu gisa lanean jarraituko dutela Euskadin alzheimerra duten pertsona guztien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko.

Osasun sailburuarekin batera, besteak beste, Enrique Peiro Osasun sailburuordea eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea izan dira bertan.

Sempervirens parkea

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak sekuoiaren parkea egokitu zuten 2020an, eta Sempervirens parkea izendatu zuten, covid-19aren biktimak oroitu eta elkartasuna agertzeko.

Birmoldaketa horretan, 1860an landatu eta 2014an lehortu zen sekuoia erraldoia mantentzea erabaki zuten, eta parke horren inaugurazioan, sempervirens espezieko sekuoia gazte bat landatu zuten, covid-19aren eraginez hildako pertsonen bizitza eta oroimen etengabea irudikatzeko.