Itxi

Gizartea

Migrazioa

Justiziak bertan behera utzi du etorkin adingabeak artatzeko Kanarietako Gobernuaren protokoloa

Agentziak | EITB Media

Kanarietako Gobernuak argitaratutako protokoloaren arabera, adingabeen tutoretza, hasiera batean, Estatuari dagokio, eta ohartarazi du ez dituela bere harrera-zentroetan onartuko, behar bezala identifikatuta iristen ez badira.

  • Ontzi bat 80 pertsona migratzaile ingururekin, atzo Los Cristianos (Tenerife) portuan. Argazkia: EFE

    Ontzi bat 80 pertsona migratzaile ingururekin, atzo Los Cristianos (Tenerife) portuan. Argazkia: EFE

Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Kanarietako Gobernuaren protokoloa, inoren kargura ez dauden eta artxipelagora itsasoz iristen diren adin txikiko etorkinei arreta emateko, iturri judizialek jakitera eman dutenez.

Fiskaltzak Auzitegiari eskatu zion "behin-behinean eta berehala" bertan behera utz zezala Kanarietako Gobernuak ontzi prekarioetan iritsitako adingabeak artatzeko argitaratutako protokoloa; izan ere, ontzi horiei harrera egiteko ezarritako baldintzek kalte egin liezaiokete "babes gabe" dauden haurrei.

Afrikako ipar-mendebaldeko kostaldearen ondoko uharte horiek Europara heltzeko 'ibilbide atlantikoa' baliatzen duten milaka pertsona migratzaileen helmuga dira.

Uhartediak urteak daramatza gainezka, bakarrik bidaiatzen duten milaka adin txikiko jasota, baina duela urtebetetik egoera kolapsotik gertu dago, eta hainbat talka eragin ditu Espainiako Gobernu sozialistaren eta Coalicion Canariak PPrekin batera gobernatzen duen erkidegoko exekutiboaren artean.

Eztabaida eta polemika Kanarietako Gobernuak argitaratutako protokoloak eragin du azken astean. Protokolo horrek esaten du adingabeen tutoretza Estatuari dagokiola hasiera batean, eta ohartarazten du ez dituela onartuko bere harrera-zentroetan, behar bezala identifikatuta iristen ez badira.

Hala ere, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du protokolo hori.

Aurtengo uztailean eta abuztuan 6.267 pertsona iritsi dira itsasotik Kanarietara Afrikatik, 2023ko bi hilabete horietan baino 2.000 pertsona gehiago, Barne Ministerioko datuen arabera. Kanarietako Gobernua arduratu behar da adingabeez, baina gaur egun bere kargura 5.300 baino gehiago dituela nabarmendu du.