Itxi

Gizartea

Gasteiz

Patinete elektrikoak garraio publikoan sartzeko debekua mantentzea erabaki du Gasteizko Udaleko osoko bilkurak

Agentziak | EITB Media

Udal gobernuan dauden alderdiek (PSE-EAJ) eta EH Bilduk babestu dute erabakia. PP abstenitu egin da, eta Elkarrekin Gasteiz, berriz, debekua altxatzearen alde agertu da.

  • Patinete elektrikoak Gasteizen

    Patinete elektrikoak Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

Gasteizko Udaleko osoko bilkurak erabaki du patinete elektrikoak garraio publikoan sartzeko indarrean dagoen debekua mantentzea, Patinete Elektrikoen Gasteizko Elkarteak egindako eskariari entzungor eginez.

Debekua altxatu ala ez erabakitzeko gaur egin duten bozketan, udal gobernuan dauden alderdiek (PSE-EE eta EAJ) eta EH Bilduk kontra bozkatu dute, Elkarrekin Gasteiz taldeak alde, eta PP, berriz, abstenitu egin da.

Gaurko saioan, Patinete Elektrikoen Gasteizko Elkarteak eskatu du mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak Gasteizko, Arabako eta Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoan sartzeko debekua erretiratzeko.

Elkarteko bozeramaileak emandako datuen arabera, egunero 16.000 gasteiztarrek (% 6,3) erabiltzen dute patinete elektrikoa hirian barrena mugitzeko. Hori dela eta,  ikerketa bat egiteko eskatu dio Gasteizko Udalari, besteak beste, patinete elektrikoen eta mugikortasun pertsonalerako beste ibilgailu batzuek eskaintzen dituzten onurak eta aukerak aztertze aldera. Eskaera hori bai onartu dute. 

Patinete elektrikoen inguruko udal araudia aurretiaz txostenik egin gabe onartu dela salatzeaz gain esan duenez, Madrilen eta Bartzelonan, esaterako, gertatutako "kasu isolatuak" ezin dira Gasteizko errealitatearekin alderatu, eta are gutxiago "betoa jarri", EAEn kasu bakar bat ere egon ez denean. 

Udal gobernuak, bere aldetik, patinete elektrikoak garraio publikoan sartzea debekatzeko erabakia "zuhurtziagatik" hartu zela azaldu du. Ildo horretan, gogora ekarri du "urtebeteko moratoria" onartu zela, "informazioa biltzeko eta egoera aztertzeko".