Itxi

Gizartea

NAFARROA

Gizon bat atxilotu dute Caparroson bi txirrindulari harrapatu, ihes egin eta drogetan positibo emateagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Atxilotuak bi bizikletaren aurka talka egin zuen furgoneta bat gidatzen ari zela. Istripuaren lekukoen laguntzari esker, ibilgailuaren datuak lortu ahal izan dituzte, eta azkenean Guardia Zibilak aurkitu eta atxilotu egin du.

Guardia Zibilak auto baten gidaria atxilotu du Caparroson, asteazken honetan bi txirrindulari harrapatu ostean. Gidariak positibo eman zuen drogak detektatzeko testean.

Istripua 18:21ean gertatu zen, N-121 errepideko 54. kilometroan, 112 SOS Nafarroa zerbitzuak jakinarazi duenez. Furgoneta batek bi bizikletaren aurka talka egin zuen.

Talkaren ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten txirrindulariak: 62 urteko gizon bat, hanka hautsita eta saihets-kolpea zuela, eta 21 urteko emakume bat, aldaka eta beheko gorputz-adarra hautsita. Pronostikoa erreserbatutzat jo dute.

Istripuaren lekukoen laguntzari esker, ibilgailuaren datuak lortu ahal izan ziren, eta agenteek gidaria aurkitu zuten azkenean.

Gidaria, 39 urteko gizonezkoa, atxilotu egin zuten, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat (drogen eraginpean gidatzea), zuhurtziagabekeria larriagatiko lesio-delitu bat eta istripua gertatu zen lekutik alde egitea egotzita.

Azkoiengo suhiltzaileak, Caparrosoko talde mediko bat, oinarrizko bizi-euskarriko bi anbulantzia eta istripuaren eginbideak bideratzeaz arduratzen den Guardia Zibileko agenteak bertaratu ziren gertakariaren lekura.