Gizartea
Marea biziak
Gaur marea oso bizia espero da, eta abisu horia aktibatuko dute, 17:00etatik 20:00etara
EITB MEDIA
Itsasgora 18:23an izango da, eta 5,12 metroko marea izango dugu orduan. Olatuen altuera adierazgarria 0,5-1 metro ingurukoa izango da.
-
Erandio (Bizkaia). Argazkia: EFE
Gaur itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horia aktibatuko da berriro, 17:00etatik 20:00etara. Marea oso bizia izango da, eta, beraz, itsasgoraren inguruan, itsasaldiek sarri jotzen dituzten eremuetan, olatuez gain, gainezka egin dezake urak.
Itsasgora 18:23an izango da, eta 5,12 metroko marea izango dugu orduan. Olatuen altuera adierazgarria 0,5-1 metro ingurukoa izango da.
Dagoeneko abisu horia indarrean egon zen atzo, 17:00etatik 19:00etara. Asteazkenean itsasgoran Nerbioi itsasadarra gainezka egiteko zorian izan zen, baina putzu txikiren bat baino ez zuen eragin Erandion eta Bizkaiko hiriburuan. Horrela, ez zuen eraginik izan ibaiertza zeharkatzen duen errepideko trafikoan.
Donostian ez zen inolako arazorik izan itsasgorarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek ez zuten irteerarik egin behar izan.
Bihar, ostirala, 18:00etatik 20:00etara egongo da indarrean abisua, itsasgora 19:05ean baita. Estimatutako marearen altuera 5.03 metrokoa izango da eta olatuen altuera adierazgarria, 0,5-1 m ingurukoa.
Marea biziak, zer dira eta zergatik sortzen dira?
AZTIren azalpenaren arabera, iraila-urria eta otsaila-martxoa dira marea biziak izateko arrisku gehieneko hilabeteak. Halere, baliteke urteko beste sasoi batean ere fenomeno hau gertatzea.
Itsasaldiak ilargiaren eraginez sortzen dira, eta marea biziak, batez ere, ilberrian edo ilbetean gertatzen dira. Ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-indarrak batu egiten dira, eta marea biziak sortzen dira.
Ilbehera eta ilgora denean, berriz, kontrakoa gertatzen da: ilargiaren eta eguzkiaren grabitate-indarrek batak bestearen aurka egin, eta marea hilak deiturikoak sortzen dira.