Itxi

Gizartea

Trafikoa

Sarbidea ukatuta zuten 1.600 ibilgailu sartzen ziren egunero Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan egokitzapen epean

agentziak | eitb media

Eremuan sartzen ziren autoen % 3 da hori. Hala eta guztiz ere, jaitsi egin da gehien kutsatzen duten ibilgailuen kopurua.

  • Trafikoa Bilbon. Argazkia: EITB

    Trafikoa Bilbon. Argazkia: EITB

Egokitzapen epean Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan (EGE) sartu diren ibilgailuen % 3k galarazita zuten sartzea eta isuna jaso zezaketen; hau da, egunean, 1.600 ibilgailuk, Bilboko Udalaren kalkuluen arabera. Dena dela, gehien kutsatzen duten ibilgailuen kopurua gutxitu egin omen da.

Gaur hasi dira Bilbon isunak jartzen Emisio Gutxiko Eremuaren araudia betetzen ez dutenei, atzo hiru hilabeteko egokitzapen epea amaituta. Epe horretan "kontzientziazio" lana egin dute erakundeek, eta sarbidea kontrolpean izan badute ere, ez da isunik jarri.

Nora Abete Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak egokitzapen aldiaren balorazio "oso positiboa" egin du.

Zinegotziak emandako datuen arabera, hiru hilabeteotan egindako kontroletan irakurritako matrikulen % 74 turismoenak ziren, % 20 kamioiak eta autobusak, eta % 6 motorrak; beste urtaro batzuekin alderatuta, datua antzekoa da.

Hala ere, "nabarmena" izan omen da "gehien kutsatzen duten ibilgailuen" beherakada, Abeteren esanetan. Hain zuzen ere, etiketarik gabeko ibilgailuak  % 5,6 izan dira, eta EGEren araudia egin baino lehenago egindako ikerketan % 14 ziren.

Zero etiketadunen kopurua, berriz, % 0,5etik % 4,7ra igaro da epe berean, eta Eco dutenena % 5etik % 14,3ra. C etiketadun ibilgailuak dira gehien daudenak, % 46 aurreko txostenean, eta % 49,3 gaur egun; eta B dutenak % 34tik % 22,1era pasatu dira.

Egokitzapen epean isunak indarrean egon izan balira, 1.600 isun jarriko zituzketen egunero, eremuan sartzen ziren autoen % 3k baitzuten sarrera galarazita.

Kutsatzen duten ibilgailuak eremuan sartzeko egin dituzten eskaerei begiratuta, gehienak (% 47,9 ) garajea duten pertsonenak dira, % 33,7 egoiliarrak, % 4,5 merkatariak, % 1,8 eguneko zentroetakoak, tailerretakoak, kontzesionarioetakoak eta hoteletakoak, % 1,5 ibilgailu historikoenak, % 0,4 autoeskoletako ibilgailu, VTC eta taxiak, eta % 0,3 atzerriko ibilgailuak.

Bestalde, eta EGEaren mugikorreko aplikazioaren bitartez sarrera puntualak egiteko aukera baliatuta, 618 auto sartu dira, ia erdiak medikuarenera joateko. Gainerakoak, atzerritarrak (% 26,2), mugikortasuna murriztua duten pertsonak (% 19,6) eta albaitariarenera joandakoak (% 4,9) izan dira.