Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Behin-behineko espetxealdia agindu dute Santutxun bikotekidea hiltzea leporatuta atxilotutako gizonarentzat

EITB MEDIA

Hilketa matxista ostegun gauerdian izan zen, bikotearen etxebizitzan. Epaileak ospitalean hartu dio deklarazioa atxilotuari. Alta jaso ondoren eramango dute espetxera.

  • Hilketa matxista izan den etxebitiza.

    Hilketa matxista izan den etxebitiza. Argazkia: EFE

Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia agindu du Santutxun (Bilbo) bikotekidea hiltzea egotzita atxilotutako 34 urteko gizonarentzat. Epaileak ospitalean hartu dio deklarazioa atxilotuari.

Deklarazioa hartu ostean, epaitegiko titularrak behin-behineko espetxeratzea erabaki du, komunikatuta eta fidantzarik gabe, ustezko giza hilketa delitu batengatik.

Gizona ospitalean dago, poliziaren zaintzapean, modulu bereizi batean. Alta jaso ondoren eramango dute espetxera.

Hilketa matxista ostegun gauerdiaren ostean gertatu zen, bikotea bizi zen etxebizitzan. EITBk jakin duenez, biktimak telefonoz deitu zion amari, gizona bere onetik aterata zegoela ohartarazteko.