Itxi

Gizartea

2024-2025 ikasturtea

49.233 ikaslek hasi dituzte Lanbide Heziketako ikasketak Euskadin ikasturte berrian, eta 64.105 plaza daude

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Iazko ikasturtean baino 5.780 plaza gehiago izango dira aurtengoan. Ikastetxe publikoetako matrikulazioak % 6 igo dira, % 57,4raino, eta D eredukoek % 3 egin dute gora.

  • Lanbide Heziketa

    Lanbide Heziketa. Argazkia: Irekia

Gaur hasi dute ikasturtea Lanbide Heziketako ikastetxeek Euskadin. Guztira 49.233 ikasle eta 64.105 plaza daude ikasturte honetan, iaz baino 5.780 gehiago. Matrikula egiteko epea zabalik dago oraindik.

5.780 plaza horietatik gehienak Goi Mailako zikloetakoak dira, eta % 70 sare publikokoak, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. 

Imanol Pradales lehendakariak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Leioako Ostalaritza Eskola bisitatu dute gaur, "eraldaketa teknologikoaren" eredu delako. Zentro horretako zuzendari Ibon Andraka izan dute lagun bisitan, eta Pradalesek iragarri du Lanbide Heziketa mota berri bat jarri dutela martxan, talde zaurgarrienei zuzendutakoa, egoera ezberdinetara egokitutako ikasketa bideekin. Berritasunen artean, halaber, C Graduak aurkeztu dituzte.

Teknologiak ekarriko dituen eta esparru guztietan eragina izango duten aldaketa handien jakitun, Pradalesek aurreratu du Lanbide Heziketak paper garrantzitsua beteko duela eraldaketa horretan.

49.233 matrikula horietatik 7.180 Arabakoak dira, 23.328 Bizkaikoak eta 18.725 Gipuzkoakoak. Bestalde, zentro publikoetako matrikulazioak % 6 igo dira % 57,4raino, eta D eredukoek % 3 egin dute gora. Sare publikoa soilik kontuan hartuta, D ereduko matrikulazioak % 19,75 hazi dira; % 11,50, itunpeko ikastetxeetan.

Sektoreka sailkatuta, ikasleen % 41,12k industria sektoreko ikasketak hautatu dituzte; % 56,28k zerbitzuak alorrarekin lotutakoak, eta % 2,5ek nekazaritza eta arrantza ardatz dutenak. Sektore teknologikoan matrikulatutakoen artean, % 30,5 emakumeak dira, eta zientzia arloko ikasketetan % 78,2 dira.

Gaur eman dituzten datuen arabera, Euskadin Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzten ikasleen % 90ek lana lortzen dute.