Gizartea
Bizkaia
Aske gelditu dira, kautelazko neurriekin, Basauriko etxe batetik egindako tiroekin lotura zuten hiru gizonak
EITB Media
Astearte gauean atxilotu zituzten, ustez etxebizitza bateko leihotik tiroka aritu zirelako.
Bilboko goardiako epaileak aske utzi ditu, kautelazko neurriekin, Basauriko Urbi auzoko etxebizitza bateko leihotik egindako tiroekin lotura zutelakoan, astearte gauean atxilotutako hiru gizonak.
Gertaerak astearte gauean izan ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuenez, Ertzaintzak 21:40 aldera jaso zuen etxebizitza bateko leihotik tiroka ari zirenaren abisua.
Ertzaintzako eta Basauriko Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren. Ingurua hesitu ondoren, zauriturik ez zegoela egiaztatu zuten.
Segidan, ustez tiroak egin ziren etxebizitzara sartu ziren. Lehen ikerketak egin ondoren, 36, 31 eta 25 urteko hiru gizon atxilotu zituzten, homizidio saiakera leporatuta.
Ertzaintzak zabalik du gertaturikoa argitzeko ikerketa.