Gizartea
Indarkeria matxista
EAEko erakundeek Bilboko hilketa matxista gaitzetsi dute eta egiturazko arazoaren kontra jarduteko deia egin
EITB Media
Lehendakariak nabarmendu duenez, emakumeek ez dute euren burua arriskuan ikusi behar eta gizarteari dagokio hori lortzea. Indarkeria matxistaren aurkako erakundeen arteko III. akordioari jarraiki, bilkura egin dute eguerdian Bilbon.
Gizon matxista batek Bilbon emaztea hil duela jakin eta berehala, erreskadan, etorri dira hilketa matxista salatzeko adierazpen eta ekimenak.
Imanol Pradales lehendakariak bere "gaitzespen irmoena" adierazi du krimenaren aurrean, eta azpimarratu duenez, "gizarte gisa, behartuta gaude indarkeria matxistaren kontra lan egitera, ezein emakumek ez dezan bere bizia arriskuan ikusi".
Bilboko Euskalduna Jauregian nazioarteko jardunaldi batzuen irekiera ekitaldian egin ditu hitzok. Ekitaldi berean minutu bateko isilunea egin dute.
Eusko Legebiltzarrak ohar bidez helarazi du bere gaitzespena. Ohartarazi duenez, "indarkeria matxista gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen adierazpen larriena da". Egiturazko arazo horri aurrea hartzeko, "beharrezkoak diren baliabideak dituzten egitasmo integralak" galdegin ditu.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, "gure gizarteak indarkeria mota guztiak gaitzesten ditu, bereziki emakumeen kontrakoa". Gerora, Bizkaiko Foru Aldundiak oharra kaleratu du hilketa "erabat gaitzesteko". Foru erakundeak azpimarratu duenez, "matxismoaren gehiegikeriei eremu guztietan aurre egin behar zaie, arlo pribatuan hasi eta publikoan amaitu, emakumeen bizitza eta askatasuna ez baitira eztabaidagarriak".
Bestalde, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Euskadi Irratian egin du gertatutakoaren lehen balorazio bat. "Eguna albiste txar batekin hasi dugu, benetan txarra den albiste batekin, inoiz nahi ez duguna", adierazi du.
Nabarmendu duenez, hilketa matxistak ez dira kasu isolatuak, egiturazko arazo sozial baten ondorio baizik, eta hortaz, "herri politikek zentzu estrukturala" izan behar dute. Horren harira, deitoratu du mezu negazionistek ez dutela onik egiten. "Datuak hor daude, eta datuak objektiboak dira", erantsi du.
Bestalde, argitu du emakumea ez zegoela babes sisteman sartuta.
Arartekoaren aburuz, gaur Bilbon gertatutakoa "atentatu matxista" da, eta "irmo" gaitzetsi du. Herritarrei zein erakundeei deia egin die Manu Lezertuak "matxismoaren aurrean erne egoteko", "gizakien arteko harreman guztietan berdintasuna, duintasuna eta emakumeen eskubide guztiak bermatuta egon daitezen".
Radio Euskadin bertan, hilketari buruz galdetu diote Javier de Andres EAEko PPren presidenteari. Adierazi duenez, euskal gizarteak "konpromiso argia" du indarkeria matxistaren kontra eta emakumeen alde. "Hilketa mota horiek egiten dituztenek ezin dute babesik izan", erantsi du.
Horren esanetan, "arazo konplexua da, eta herritarrak gero eta kezkatuago daude, baina kasuek ez dute behera egin, kontrara gora egiten jarraitzen dute". Nabarmendu duenez, "zaila da aurrea hartzea, baina denon ahalegina behar da halakoak saihesteko".
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak azken hilketa horren aurrean "gaitzespena" adierazteko mobilitzatzera deitu du gizartea. Otxandianok,X-en zabaldu duen mezuan nabarmendu duenez "Bilboko erailketa matxistak errotik irauli beharreko patriarkatuaren aurpegirik gordinena erakusten digu. Beste behin", eta "mugimendu feministarekin batera mobilizatzeko eta gaitzespena adierazteko" deia egin dio euskal gizarteari.
Ahal Duguk deitoratu du "emakumeen aurkako indarkeria matxistak ez duela etenik", eta erakundeei eta herritarrei inplikatzeko deia egin die, "matxismoarekin, genero indarkeriaren ernamuinarekin, amaitzeko", ezin baita "beste biktimarik" onartu. Alderdi moretik adierazi dutenez, krimen horrek "genero-indarkeriaren aurpegirik beldurgarriena eta bortitzena uzten du agerian", baina, ohartarazi dutenez, "icebergaren punta baino ez da", izan ere, "erailketaren, sexu-erasoaren, tratu txarren... azpian ezkutzatzen da indarkeria ikusezin eta batzuetan sotilaren zati handi bat".
Bilboko Udalak adierazpen instituzionala onartu du goizean, eta laguntza eta babesa helarazi nahi izan dizkio eraildako emakumearen gertukoei. Genero indarkeriaren kontrako erakunde arteko III. akordioari jarraiki, eguerdian bilkura egin dute Bilboko udaletxean.
Hain justu, hura bukatutakoan, Bilboko Udalak auzian akusazio partikular gisa jardungo duela iragarri du Juan Mari Aburto alkateak. "Zaila da zerbait esatea. Zer egin behar dugun pentsatzea eta arazo sozial honentzat irtenbideak topatzea da orain gakoa", esan du. Aburtoren hitzetan, "kasu honetan, bereziki, aurretik salaketarik ez egoteak arduratzen nau". Izan ere, "halakoetan oso sarritan egoten da aurrekariren bat".
Ildo beretik, oharra kaleratu du Eudelek, eta gogorarazi hilketek "emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da".
Gainera, espero da mugimendu feministak bilkurak deitzea.