Itxi

Gizartea

IKASTURTE BERRIA

Zeintzuk dira eskari gehien dituzten eskolaz kanpoko jarduerak?

a. s. | eitb media

Zalantzarik ez dago kirola dela eskolaz kanpoko jarduera nagusia, baina badira bestelako aukerak ere. Joxe Amiama pedagogoak eta EHUko irakasleak gomendio batzuk eman ditu, seme-alabak gisa horretako jardueretara bideratu aurretik kontuan izateko.

  • EITB MEDIA

    EITB MEDIA

Azken boladan, ohikoa da etxeko txikiek, bost edo sei ordu eskolan eman ondotik, eskolaz kanpoko jarduerak egitea arratsaldetan. Ingelesa, dantza, futbola, antzerkia, robotika, igeriketa... Hamaika aukera dago, eta nagusienetako bat, zalantzarik gabe, kirol jarduerak dira.

Jarduera batzuen helburu nagusia aisialdia da, eta beste batzuena, berriz, hezkuntza. Hala, hiru bloke handi egin genitzake: Kirolarekin lotutako jarduerak (futbola, judoa, gimnastika erritmikoa, eskubaloia, saskibaloia, igeriketa, tenisa, irristaketa, xakea eta arte martzialak), Jarduera artistikoekin eta sorkuntzarekin lotutakoak (antzerkia, pintura, musika eta dantza) eta, azkenik, jarduera akademikoak (informatika, hizkuntzak edo eskola partikularrak).

Joxe Amiama pedagogo tolosarrak adierazi duenez, eskolaz kanpoko jarduerek onura akademiko, sozial eta emozionalak dituzten arren, eta haurraren garapenerako onak badira ere, garrantzitsua da gazteak gehiegi ez kargatzea. Hala, eskolaz kanpoko jardueretan astean 5-6 ordutik gora igarotzea haurraren garapenerako kaltegarria izan daitekeela esan du. 

EITB MEDIA

EITB MEDIA

Halaber, adierazi duenez, oreka bilatu behar da jarduera akademikoen eta aisialdiko jardueren artean, eta nabarmendu du haurraren gustuak edo lehentasunak eta adina kontuan hartzeak berebiziko garrantzia duela. Pedagogoaren iritziz, 6 urtetik aurrera da egokiena mota horretako jardueretan izena emateko; hau da, Lehen Hezkuntzatik aurrera.

Beharrezkoa da, gainera, haurraren jarraipena egitea; izan ere, haur eta nerabe asko egunero etxera hamar orduko jarduerak eginda iristen dira, horrek dakarrenarekin: estresa, nekea edo ikasketetan okerrera egitea, adibidez.

Horri dagokionez, adituaren ustez, haur eta nerabeek denbora librea eta atseden hartzeko eta erlaxatzeko denbora behar dute. Amiamaren aburuz, oreka aurkitzea funtsezkoa da. Ordutegien garrantzia ere azpimarratu du, eta jarduerak arratsaldeko lehen orduan egitearen eta goizago etxeratzearen aldeko apustua egin du.

Pedagogoaren hitzetan, gurasoen lanaldia luzatu egin da duela urte batzuetatik hona. Helduek ordu gehiago ematen dituzte lanean, eta beranduago iristen dira etxera. Horrek familiaren sistema aldatzea ekarri du, baita txikienen jarduerak eraldatzea ere; beraz, arazoa sisteman ere badagoela uste du.