Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek 31 urteko emakume bat hil du Bilboko Santutxu auzoan

EITB MEDIA

Hilketa matxista goizaldean izan da, 00:20an, bikotearen etxebizitzan. Ertzaintzak 34 urteko gizonezkoa atxilotu du, ustezko hiltzailea delakoan. Lehendakariak bere "gaitzespen irmoena" adierazi du eta Bilboko Udalak iragarri du akusazio partikular gisa jardungo duela auzian.

0:40
Hilketa gertatu den lekua

34 urteko gizon batek emakume bat, Yanely Gonzales —31 urteko bikotekidea—, hil du bart Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. 

Hilketa matxista goizaldean, 00:20 aldera, jazo da Santutxu auzoan, Larreagaburu inguruan (Santutxu eta Atxuri auzoen artean), bikotearen etxean. 

Zaratak eta oihuak entzuten zirela eta, bizilagunek larrialdi zerbitzuetara deitu dute. Berehala bertaratu dira Udaltzaingoko zein Ertzaintzako hainbat patruila. 

Behin etxe barruan, biktima lurrean topatu dute, arma zuriz egindako zauriekin. Bertan hil da, medikuak gerora baieztatu duenez. 

Ertzaintzak ustezko hiltzailea atxilotu du, eta ospitalera eraman. 

Gizonak ez zuen aurrekaririk tratu txarrengatik, hilketa matxista gehienetan jazo ohi den bezala (2023an, biktimen % 26,7k baino ez zuten salaketa jarri bikotekidearen kontra). 

Auzi horri heldu dio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, eta argitu du ezein polizia erregistrotan ez zegoela gizonaren kontrako salaketarik edo "mehatxu zantzurik". 

EITBk jakin duenez, biktimak telefonoz deitu zion atzo gauean amari, gizona bere onetik aterata zegoela ohartarazteko. 

Aurten gizon matxistek eraildako laugarren euskal herritarra

Hilketa matxistaren berri izan eta berehala, bata bestearen ondotik etorri dira EAEko agintarien gaitzespen mezuak. Emakumeenganako indarkeria arazo estrukturala dela iritzita, horren aurka borrokatzeko deia egin dute, besteak beste, Imanol Pradales lehendakariak.

Indarkeria matxistaren kontrako III. erakundeen arteko akordioari jarraiki, eguerdian elkarretaratzea egin dute Bilbon. Hain justu, hura bukatzean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak iragarri du Udala akusazio partikular gisa jardungo duela auzian. 

Espero da mugimendu feministak ere hilketa salatzeko elkarretaratzeak antolatzea. 

Gaur Bilbon eraildako emakumea 2024an indarkeria matxistaren laugarren biktima da.

Aurreko hilketa Euskal Herritik kanpo jazo zen, Panaman, uztailean. Eneritz Argintxona bizkaitarraren gorpua hilaren 26an topatu zuten, buruan kolpea zuela. Ustezko bi hiltzaileak kartzelan daude, feminizidioa leporatuta. Ekainean, Laure Zacchelo urruñarra desagertu zen Lapurdin; Poliziak bikotekidea atxilotu eta kartzelatu zuen, fiskalak uste baitu "froga sendoak" daudela hiltzailetzat jotzeko. Maiatzean, emakume bat hilda aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 35 urteko bikotekidea atxilotu zuten, hilketa leporatuta. Bi aste eskas lehenago, andrazkoa larri zauritu zen Ziburun, hotel bateko bosgarren solairutik behera eginda, antza gizonarengandik ihesi egin zuen salto. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.