Itxi

Gizartea

Bizkaia

Hiru gizon atxilotu dituzte, Basauriko etxebizitza bateko leihotik egindako tiroekin lotura dutelakoan

EITB Media

Ez da inor zauritu, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du Urbi auzoan gertaturikoa argitzeko.

0:42
Eraikin honetatik egin omen zuten tiro

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu bart Basaurin, Urbi auzoko etxebizitza bateko leihotik ustez suzko arma batekin egindako tiroekin lotura dutelakoan. Ez da inor zauritu, eta Ertzaintza gertaturikoa ikertzen ari da.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, Ertzaintzak 21:40ak aldera jaso zuen abisua.

Gertatutakoren berri izan ondotik, Ertzaintzako eta Basauriko Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren. Ingurua hesitu ondoren, zauriturik ez zegoela egiaztatu zuten.

Segidan, ustez tiroak egin ziren etxebizitzara sartu ziren. Lehen ikerketak egin ondoren, 36, 31 eta 25 urteko hiru gizon atxilotu zituzten, homizidio saiakera leporatuta. 

Bien bitartean, Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.