Gizartea
EITB Data
11 urte, mugikorra eskuratzeko batez besteko adina
EITB Media
Nerabezaroan, 14 eta 15 urterekin, ia gazte guztiek dute Interneterako sarbidea duen telefono mugikor propioa.
-
11 urte da lehen mugikorra eskuratzeko batez besteko adina. 14 urterekin ia denek daukate.
Zein adin da egokiena seme-alabei mugikor propioa emateko? Hori da guraso askok euren buruei egiten dioten galdera nagusia eta seme-alabekin eztabaidatzeko arrazoietako bat. Estatuan, batez beste, 11 urterekin lortzen dute euren lehen mugikor propioa gaztetxoek.
Adin-tarte hori, gainera, oso antzekoa da erkidego guztietan. Extremadurakoak dira mugikorra izaten lehenengoak (10,47 urterekin) Azkenak, berriz, Galiziakoak (11,36 urterekin).
EAEko eta Nafarroako haurrak tartean daude: 11,01 eta 11,22 urte izan ohi da batez besteko adina, hurrenez hurren.
11 eta 12 urte bitartean izaten da jauzia gehienentzat. 11 urterekin gaztetxoen % 45,7k izan ohi dute bere mugikorra; 12 urterekin, aldiz, % 72ra igotzen da ehuneko hori. 14 eta 15 urte beteta, ia guztiek izaten dute smartphone bat: nerabeen % 94k baino gehiagok.
Gaztetxoek mugikor propioa jasotzen duten adinari buruz aritu gara orain arte, baina, egia esan, haurrak hori baino askoz lehenago trebatzen dira Internet erabiltzen.
2023an gurasoei egindako inkesta baten arabera, 5 urtetik beherakoen % 78k pantailak ongi ezagutzen dituzte. Gurasoek aitortzen dute haur txikienek ere tabletak erabiltzen dituztela marrazki bizidunak ikusteko edo jolasetan aritzeko. 2 edo 3 urteko haurrak senide heldu baten mugikorrarekin jolasten aritzea ohikoa dela diote.
Horrez gainera, 6 urtetik aurrera, kasu askotan, Interneterako sarbidea duen ordenagailu bat erabiltzen hasten dira eskolan hala eskatuta.