Gizartea
OSASUNA
Osakidetzak irailaren 16an hasiko du bronkiolitis akutuaren aurkako txertaketa kanpaina haurren artean
EITB MEDIA
Txertoa, batez ere, jaioberriei, 3 hilabetetik beherakoei, goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko zaie. Kanpaina horren bidez, ospitaleratzeen kopurua erdira murriztu nahi da.
-
Osakidetzako pediatra baten kontsulta, artxiboko irudi batean. Argazkia: Irekia
Bigarren urtez jarraian, Osakidetzak bronkiolitis larria edo akutua izateko arrisku handiena duten haurrei txertoa jarriko die. Kanpaina datorren irailaren 16an hasiko da eta ospitaleratzeak % 50 baino gehiago murriztea du helburu. Urtero, 6.000 haurri baino gehiagori eragiten die arnas-aparatuko gaixotasun horrek.
Zehazki, kanpaina honetan aintzat hartu diren haurrak lau taldetan banatu dituzte: haur jaioberriak (kanpainak irauten duen denbora-tarte osoan jaso ahalko dute txertoa), uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean jaiotakoak (hasieran jarriko diete txertoa, irailaren 16tik urriaren erdialdera arte), 35 aste baino gutxiagoko haurdunaldiaren ondoren jaiotako goiztiarrak eta 2 urtetik beherako haurrak, arnasketako, bihotzeko edota neurologiako gaixotasunen bat dutenak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak dei egin die familiei, "seme-alabak immunizatzeko, urtero 6.000 haurtxori baino gehiagori eragiten dien arnas-gaixotasunaren aurrean".
Bronkiolitis akutua arnas-infekzioa da, eta, batez ere, bi urtetik beherako haurrei eragiten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomekin agertzen da, eta egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke: arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak entzutea edo nekea.
Prebentzioaren garrantzia nabarmendu dute osasun-arduradunek, eta prebentzio-neurriak zorroztea aholkatu dute, neguan, bereziki.