Gizartea
Indarkeria matxista
Behin-behinean espetxera bidali du epaileak Donostian sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako gizona
EITB
Erregimen komunikatuan eta fidantzarik gabe bidali du espetxera guardiako epaileak, asteazkenetik ostegunerako gauean Easo plazako aparkalekuan emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita.
-
Easo Plaza, Donostian. Arg: Jon Hernandez Utrera.
Guardiako epaileak espetxera bidali du Donostian aste honetan emakume batek jasandako sexu-erasoaren ustezko egilea.
Ostegun goizetik dago atxilotuta, eta epaileak behin-behinean kartzelatzea erabaki du, erregimen komunikatuan eta fidantzarik gabe.
Donostiako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen ostegunean sexu-eraso baten egilea zelakoan. Biktimaren arabera, Gipuzkoako hiriburuko Easo plazako aparkalekuan zegoela, gizona hurbildu zitzaion, sexu-erasoa egin zion eta, ondoren, ihes egin zuen.
Emakumeak laguntza eskatu zion inguruan zegoen Udaltzaingoaren patruila bati, eta ospitalera eraman zuten. Bertatik irtendakoan, salaketa jarri zuen.
Donostiako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu zuen erasoa gaitzesteko, "biktimari babesa eta elkartasuna" helarazi zizkion, eta elkarretaratzea deitu zuen ostegunerako Alderdi Ederren.