Ume lapurtuak
Radio Euskadin
Calparsoro: 'Haur lapurtuen auzian froga eztabaidaezinak falta dira'
Erredakzioa
Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak orain 40 urteko gertaeren inguruko frogak aurkitzeko zailtasunaz ohartarazi du.
-
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia. EITB
Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak adierazi duenez, haur lapurtuen auzian akusazioak egiteko froga eztabaidaezinak falta dira, ondorioz, aurkeztu diren salaketa gehienak, artxibatu egin dira.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, ikerketek "irregulartasun asko" egon direla azaleratu dutela azaldu du.
Hala ere, ezin dira akusazioak egin ahal izateko froga eztabaidaezinak aurkitu, horregatik, "salaketa gehienak artxibatu egin dira", adierazi du.
Dokumentuak faltsutzea eta adopzio prozesuan irregulartasunak egitea egozteko ebidentziak badaudela gaineratu du, baina ez "ama bati iruzur eginez haurra lapurtu zitzaiola" justifikatzeko froga eztabaidaezin nahikoak.
Orain dela 40 urte gertaturiko auzien inguruko frogak aurkitzea oso zaila dela azpimarratu du, kasu askotan gainera, "delituak egin zituzten pertsonak eta lekukoak hilda daudelako".
Hala ere, ikertzen ari direla eta ikertzen jarraituko dutela ziurtatu du.