Itxi

Gizartea

SEXU ERASOA

Gizon bat atxilotu dute Donostiako aparkaleku batean emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

EITB MEDIA

Bart gertatu zen, Easo plazako aparkalekuan. Udalak adierazi du gertatutakoa "irmoki gaitzesten duela", eta bihar kontzentrazioa egiteko deitu du. Elkarretatzea bihar izango da, irailak 6, 12:30ean, Alderdi Ederren.

Donostiako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du Gipuzkoako hiriburuko aparkaleku batean gaur gauean emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Udalak jakitera eman duenez.

Biktimaren arabera, emakumea Easo plazako aparkalekuan zegoen, gizona hurbildu, sexu-erasoa egin, eta ondoren ihes egin du. Emakumeak laguntza eskatu zion inguruan zegoen udaltzain patruila bati eta agenteek ospitalera eraman dute emakumea.

Emakumeak gizona deskribatu ondotik, udaltzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu dute ostegun honetako 11:00etan, bere etxean. Biktimak salaketa jarri du eta erasoaren ustezko egilea polizia-etxean dago.

Udalak, adierazpen instituzional batean, gertaera horiek "irmoki gaitzetsi" ditu, eta "biktimari babesa eta elkartasuna" helarazi dio, eta behar dituen udal zerbitzuak eskura jarri dizkio.

Era berean, Udalak elkarretaratzea deitu du biharko, 12:30ean, Alderdi Ederren, sexu-eraso hori "gaitzesteko". Ildo horretan, esan du deitzen diren edozein ekitalditan parte hartuko duela.