Gizartea
Euskararen aurkako epaia
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du euskara udaltzain izateko nahitaezko baldintza izatea
EITB Media
Uste du ez dela beharrezkoa agente guztiek euskaraz jakitea euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta neurria euskara ez dakitenentzat diskriminatzailea dela dio.
-
Udaltzain bat artxiboko irudi batean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) atzera bota du 2021ean erkidego osorako osatu zen Udaltzaingoen lan-poltsa bateratuan sartzeko ezarri zen derrigorrezko euskara-eskakizuna, erdaldunentzat diskriminatorioa dela argudiatuta. Ulertzen du ez dela derrigorrezkoa polizia-agente guztiek euskara jakitea.
Modu horretara, 2022an Gasteizko auzitegi batek emandako ebazpena berretsi du, bai eta Eusko Jaurlaritzak ezin zuela euskara ezarri lan poltsan izena emateko baldintza gisa.
Ebazpenean, Auzitegi Nagusiak euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatu behar direla dio. Alabaina, hori bermatzeko, ez du uste derrigorrezkoa izan behar duenik agente guzti-guztiek euskaraz hitz egitea. Adibidez, nahikotzat jotzen du patruilatzen duten agenteetako batek hizkuntza menderatzea. Hori dela eta, uste du ez dagoela arrazoi objektiborik euskaraz komunikatzeko gai ez direnei sarbidea mugatzeko.
Ebazpenaren aurka egiteko, kasazio helegite bat jarri daiteke, Auzitegi Gorenean. Eusko Jaurlaritzako iturriek erabakia hartu aurretik sententzia aztertu behar dutela adierazi dute