Itxi

Gizartea

Hezkuntza

113.000 ikaslek baino gehiagok ekin diote ikasturte berriari Nafarroan

EITB Media

Gehienek jardunaldi jarraitua izango dute aurten ere, eskola publikoen % 86k ordutegi horren alde egin baitute. Horrez gain, ikasleen herena D ereduan matrikulatu dira.

  • Ikasleak eskolak. Argazkia: EITB Media.

    Ikasleak eskolak. Argazkia: EITB Media.

Nagiak kendu eta eskolara itzultzeko ordua iritsi zaie ostegun honetan Nafarroako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei. Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasturte hasiera eskolaren arabera egin ohi dute: batzuk gaur hasiko dira eta beste batzuk hurrengo egunetan.

Ikasturte honetan, 113.688 ikasle daude, orotara, Nafarroako Hezkuntza sisteman izena emanda. Hiru urteko geletan 5.179 haur hasiko dira eta horietako asko lehen aldiz joango dira egunotan eskolara

Hizkuntza ereduei dagokienean, herenak inguruk egin dute euskaraz ikastearen alde, hau da, matrikula egin dute B (gaztelania ikasgai gisa duena) eta D (euskara hutsean) ereduetan. Aldiz, % 69k A eredua (euskara ikasgai duena) eta G eredua (gaztelania hutsean) aukeratu dituzte.

Aurten ere, Nafarroako ikasle gehienak jardunaldi jarraituan arituko dira, izan ere, eskola publikoen % 86k ordutegi horren alde egin dute.

Ikasleen familien % 60k eskola publikoaren alde egin dute. % 40 dira itupekoetan izena emanda daudenak.

Ipar Euskal Herrian, aste hasieran itzuli ziren klaseetara. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, ostirala izango dute lehen eguna.