Gizartea
Alava
Leherketa batek sutea eragin du Berantevillako piroteknia-lantegi batean, baina ez da zauriturik izan
EITB Media
Bertaratu diren suhiltzaileek sua kontrolatu dute eta fabrikako beste leku batzuetara zabaltzea ekidin dute.
Berantevillako (Araba) Valecea piroteknia-lantegian, goizeko 11ak aldera, gertatu den leherketa batek sutea eragin du. Herriko alkate Isabel Arbaizagoitiak baieztatu du ez dela zauriturik izan.
EITBk baieztatu ahal izan duenez, Espejoko eta Iruña-Okako suhiltzaileak bertaratu dira, baita Miranda Ebroko (Burgos) suhiltzaileak ere, Burgoseko herria enpesatik 6 kilometrora baitago.
Momentuz, ez da argitu zerk eragin duen material piroteknikoa biltegiratzen den lantegiko etxoletako batean sortu den leherketa. Sua aktibo egon den bitartean, eztanda txikiak izan dira, material berria ukitzen zuen heinean.
Alabaina, suhiltzaileek lortu dute sutea gainerako etxoletara ez zabaltzea, eta, beraz, bakar bat kaltetu da.
Herrigunetik pare bat kilometrora dago Valecea lantegia, eta leherketa ozen entzun da. Suteak eragin duen ke zutabea ere urrunetik ikusi da.