Itxi

Gizartea

Osasuna

66 pertsona hil dira beroagatik abuztuan Hego Euskal Herrian, Osasun Ministerioaren arabera

Agencias | EITB Media

Estatuko beroagatiko heriotzak iazko abuztuan baino % 3 gehiago izan dira.

  • Beroaren efektuak.

    Beroaren efektuak. Argazkia: EFE

Osasun Ministerioko Carlos III.a Osasun Institutuak jakinarazi du abuztuan Hego Euskal Herrian 66 pertsona hil direla gehiegizko beroagatik. 44 heriotza Euskal Autonomia Erkidegoan izan ziren, eta 22 Nafarroan.

Estatu osoan, abuztuan, Osasun Sailak 1.386 heriotza egotzi dizkie tenperatura altuei, iazko hilabete berean baino % 3 gehiago, eguneko hilkortasunaren monitorizazio-sistemaren datuen arabera.

Carlos III.a Osasun Institutuaren arabera, litekeena da uda honetan 2023ko urtaro berean izandako 3.009 heriotza kopurua gainditzea. Abuztuaren 22rako, hildakoen kopurua handiagoa zen iazko aldi berean baino.

Heriotza gehienak abuztuaren lehen hamabostaldian gertatu dira, eta, sexuaren arabera, emakumeen heriotzak nabarmentzen dira (810) gizonen heriotzen aldean (577). Ia guztiak (1.339, alegia) 65 urtetik gorako pertsonak izan dira.

Osasun Ministerioak gogorarazi du oso garrantzitsua dela gehiegizko beroak herritarren osasunean izan ditzakeen ondorio negatiboak prebenitzea eta arintzea, bereziki arrisku-taldeen eta ahulenen kasuan, hala nola adinekoak, haurdun dauden emakumeak, adingabekoak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak, baita kanpoan lan egiten dutenak edo ahaleginak egiten dituztenak ere.