Itxi

Gizartea

Adingabeak

Aske utzi dute, kargupean, Bergarako ertzain-etxearen aurrean 3 urteko semea abandonatu zuen gizona

EITB Media

Epaileak adingabea abandonatzearen delitua leporatzen dio. Haurra Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean geratu da, eta amaren bila ari dira. Atzerrian dago.

  • Bergarako ertzain-etxearen irudia. Argazkia: EITB Media

    Bergarako ertzain-etxearen irudia. Argazkia: EITB Media

Epaileak aske utzi du, karguekin, 3 urteko semea Bergarako (Gipuzkoa) ertzain-etxearen aurrean abandonatu zuen 39 urteko gizona. Epailearen aurrean igaro ondoren, hark adingabea abandonatzearen delitua leporatzea erabaki du.

Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, larunbatean arratsaldeko ordu biak aldera gertatu zen, Bergarako ertzain-etxearen atarian. Agenteek zaintza-kameren bidez ikusi zuten gizona haur txiki bat sarrerako atearen aurrean uzten, maleta batekin.

Egoera ikusita, zenbait agente hurbildu eta ihes egin nahi zuen gizona geldiarazi zuten. Gizonak aitortu zuenez, bere egoera pertsonala zela eta, ezin zuen haurraren ardura bere gain hartu, eta Gizarte Zerbitzuak kargu egitea nahi zuen.

Adingabeak abandonatzea delitu izanik, atxilotu egin zuten gizona eta haurra Larrialdiko Gizarte Zerbitzuen esku utzi zuten, gaur egun atzerrian dagoen amarekin gaia konpondu bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintzapean geratu da haurra. Gertatutakoa jakin bezain laster, foru larrialdietako zerbitzua aktibatu eta haurrak babesteko zerbitzuak kargu hartu zuen.