Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
18 urteko espetxe-zigorra onartu du Iruñeko taberna batean bikotekide ohia hil zuen gizonak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Halaber, ebazpenaren arabera, 552.383 euroko kalte-ordaina eman beharko die akusatuak biktimaren lau seme-alabei.
-
Ermitagañako auzoan izan zen hilketa. Argazkia: EFE
18 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Nafarroako Lurralde Auzitegiak 2023ko uztailean Iruñean bikotekide ohia hil zuen gizonezkoari. Goizean egin den ahozko bista laburrean, aldeek ontzat eman dute zigorra, baita akusatuak ere.
Ermitagañako auzoko taberna batean izan zen hilketa, iaz. 53 urteko gizonezkoak bere bazkide eta bikotekide ohia zen emakumea (47 urtekoa bera) labankadaz hil zuen.
Hilketa delitua egotzita ezarri diote 18 urteko kartzela-zigorra akusatuari, eta biktimarekiko zuen senitasuna larrigarritzat jo da. Halaber, erasotzaileak hilketa aitortu izana aringarri gisa aplikatu du epaileak. Horrez gain, 552.383 euroko kalte-ordaina eman beharko die akusatuak biktimaren lau seme-alabei.
Zigorraren bi herenak betetakoan edota hirugarren gradua eskuratutakoan, akusatua Estatu espainiarretik kanporatu egingo dela ere badio sententziak. Ezingo du 10 urteko epean itzuli, eta itzuliko balitz, beste 10 urte igaro beharko ditu zaintzapeko askatasunean eta ezingo du biktimaren seme-alabekin harremanetan jarri. Haiekiko 2 kilometroko urruntze-agindua ezarriko zaio.
Ebazpenaren berri izan orduko, Maria Cruz Garcia Huesa fiskala gustura agertu da hedabideen aurrean. Horren hitzetan, ezarritako zigorrak biktimaren seme-alabei amaren hutsunea betetzeko balioko ez badie ere, "justizia egin da".
Ildo beretik mintzatu da Victor Sarasa ere, herri akusazio gisa aurkeztu den Iruñeko Udaleko abokatua. Ontzat jo du ebazpena, eta hark ere esan du justizia egin dela.