Gizartea
Inmigración
Polemika Cascanten, apaiz batek musulmanen aurkako sermoia eman baitu
EITB Media
Herriko jaietako meza nagusian, alderdi politikoetako ordezkarien aurrean, erakundeek bertakoei baino erraztasun gehiago ematen dizkietela adierazi zuen Jesus Planillok, eta penatuta agertu zen mezatara jende gutxi joaten delako.
Polemika piztu da Nafarroako Cascante herrian, sortzez bertakoa den Jesus Planillo Bartos abadeak herriko jaietako egun handiko meza nagusian eman zuen sermoiaren dela eta. Herri batzuetako biztanle gehienak musulmanak direlako eta mezatara ia inor joaten ez delako atsekabetuta agertu zen.
Planillok azaldu zuen udan Andaluzian izana zela eta penatuta itzuli zela. Biztanleen % 40 musulman erlijiokoak diren 15.000 biztanleko herri batean egon zela jakinarazi zuen. "Ez dut ezer haien kontra", esan zuen, "baina orain 40 lagun joaten da mezatara eta lehen eliza betetzen zen".
Elizan bildutakoen zurrumurruen artean, Cascanten jaiotako abadeak erakundeei egotzi zien egoeraren ardura. "Erakundeek mota guztietako erraztasunak ematen dizkiete immigranteei. Hori ondo dago, baina bertakoei?", galdetu zuen.
Cascanteko jai nagusiak izanda, mezatan erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak ere bazeuden, hala nola Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako sailburua, PSNko Ramon Alzorriz eta UPNko Alberto Catalan eta Javier Esparza.
Azkenik, Cascanteko parroko Francisco Javier Aramendiak belarrira zerbait esan ondoren, esandakoengatik barkamena eskatu zuen Planillok. "Ez zaituztet mindu nahi", adierazi zuen, baina ez zela lotsatzen gehitu zuen.