Gizartea
Araba
Klub bateko bi arduradun atxilotu dituzte Gasteizen, beste emakume batzuei sexu-esplotazioa egitea leporatuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizakien salerosketaren prebentziozko zaintza-lanak egiten ari ziren ertzain batzuk klub horretan sartu ziren, eta bertako emakumeek bizi zituzten esplotazio-baldintzak azaldu zizkieten agenteei.
Gasteizko klub bateko bi emakumezko arduradun atxilotu ditu Ertzaintzak larunbat honetan, eta beste hirugarren bat ikerketapean dago, klubean bertan zeuden beste emakume batzuei sexu-esplotazioa egitea egotzita. Gizakien salerosketaren prebentziozko zaintza-lanak egiten ari ziren ertzain batzuk klub horretan sartu ziren, eta bertan prostituitzera behartuta zeuden emakumeekin hitz egin zuten.
Klubeko arduradunek ezarritako esplotazio-baldintzak azaldu zizkieten agenteei: lan-ordutegi zorrotzak, bizitza pertsonalerako oso denbora gutxirekin eta edozein momentutan lanera itzultzeko beharra, besteak beste. Horrekin batera, janzteko modua adierazten zitzaien, eta irabazten zuten diruaren % 70 proxenetei eman behar zieten.
Gainera, hala eskatuz gero, bezeroei drogak ematen zizkieten. Izan ere, ohe baten azpian droga kantitate txiki bat zuen poltsatxo bat aurkitu zuten ertzainek.