Itxi

Gizartea

Euskara

160 autoeskola dira jada EAEn moto edo autoko gida-baimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzen dutenak

EITB Media

Euskadiko Autoeskolen Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, azarotik darama egitasmoa bultzatzen eta autoeskoletan informazioa zabaltzen. Lau eskuliburutan antolatuta, euskara hutsez ematen zaizkie ikasleei ikasgaiak, euskarri fisikoan naiz eta online (testak).

  • Gidaliburuak euskaraz.

    Gidaliburuak euskaraz.

Dagoeneko 160 autoeskolek eskaintzen dute ziklomotor eta autoen gidabaimena euskaraz lortzeko aukera, eskuliburuak eta online euskarriak (testak) euskara hutsean erabiliz horretarako. 

Euskadiko Autoeskolen Federazioak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin argitaratu zituen iazko azaroan materialak "arlo horretan hizkuntza-eskubideak bermatzeko" helburuarekin, pertsona bakoitzak nahi duen hizkuntzan ikas ahal dezan. Ordutik, autoeskolak ekimenarekin bat egiten joan dira, eta 160 dira jada proiektura atxiki direnak. 

Lankidetzak helburu hauek ditu: "gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortzea, batez ere gazteen artean; gidabaimenak euskaraz lortzea prozesu entretenigarri, dinamiko eta berritzailea izatea; eta materialaren kalitatearen bermea bermatzea, sortzerakoan eta aurrerantzean egingo diren eguneraketetan".

Proiektua AM (ziklomotorra), A1-A2 gidabaimena 15 urtetik gorako gazteentzat eta B gidabaimena 18 urtetik gorako gazteentzat baimenei zuzenduta dago.

Gainera, "laster" autobusentzako eta kamioientzako gidabaimena ateratzeko euskarazko materiala ere prest egongo dela aurreratu dute.

Materiala EAEn kokatua dago (argazkiak, ereduzko seinaleak, irudiak). Materiala online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du baimena euskaraz lortzeko aukera. Guztira lau eskuliburu egin dira, paperean zein online formatuan

Gai bakoitzaren hasieran, ikasleek gaian ikasiko dutenari buruzko bideo bat txertatu da (QR baten bidez). Eskuliburuak osorik deskargatzeko, beharrezkoa da proiektuarekin bat egin duen autoeskolaren batean izena ematea.

Era berean, aplikazio berezi bat prestatu da ikasleek gidabaimenakeuskaraz.eus web atariaren bidez gidabaimena egin dezaten.

Azkenik, azterketa praktikorako irakasleei terminologia euskaraz lantzeko tresnak ere eskainiko zaizkiela jakinarazi du Jaurlaritzak, eta "laster" autobusetarako eta kamioietarako gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala prest egongo dela aurreratu du.