Itxi

Gizartea

Trafikoa

Errepideak autoz beteko dira Itzulera Operazioan, arreta guneak Armiñonen (A-1) eta Biriatun (AP-8) jarrita

EITB Media

Trafiko dispositibo berezia 15:00etan aktibatu dute. Armiñongo lotunean (Araba), AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekuan, seinaleak jarri dira Gasteizerako noranzkoan, trafikoa arintzeko.

  • Bi ertzain, irteera operazioan.

    Bi ertzain, irteera operazioan. Artxiboko argazkia: EFE

Oporren azkena zukutu ondoren, errepidera aterako dira milaka pertsona datozen orduetan, etxera buelta egin asmoz. Hori dela eta, eta urtero bezala, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Itzulera Operazioa abiatuko du arratsaldean (15:00etan). Bi izango dira ibilgailu gehien hartuko dituzten puntuak: Armiñongo lotunea (A1 eta AP-1) eta Ipar Euskal Herriko mugan (AP-8). 

Arabako zati horretan, seinalizazio berezia jarri da, AP-1 zaharreko irteeran Gasteizerako noranzkoan, trafikoa arintzeko. Konoen eta seinaleztapen bereziaren bidez, A-1eko hiru erreietako bat utziko zaie AP-1etik modu masiboan sartzen diren ibilgailuei.

Gipuzkoan, nazioarteko trafiko fluxuek eraginda, ilarak sor daitezke AP-8an, Biriatuko (Lapurdi) ordainlekuan. 

Euri-jasengatik abisu horian dago gaur eta bihar Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), eta horrenbestez, gidatzean zuhurtziaz aritzeko eta ibilgailuen arteko segurtasun distantzia handitzeko gomendioa eman du Segurtasun Sailak. 

Uda hasieran Trafiko Zuzendaritzak egindako aurreikuspenen arabera, bi milioi ibilgailuk baino gehiagok zeharkatu behar zuten Euskadi nazioarteko joan-etorrietan. 

Ertzaintzako trafiko-unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.