Gizartea
Hezkuntza
Hezkuntza erreformaren gakoak
Erredakzioa
Batxilergoa amaitzean selektibitatea ordezkatuko duen azterketa bat egin beharko dute ikasleek. Batxilergoaren batez besteko notak % 60ko balioa izango du eta azterketak, % 40koa.
-
Ume bat eskolako ikasgelan. Argazkia: EITB
Batxilergoak bost adar izango ditu: Zientzia eta Ingeniaritza, Osasunaren Zientziak, Humanitateak, Artea eta Giza Zientziak. Batxilergoa amaitzean, selektibitatea ordezkatuko duen azterketa bat egin beharko dute ikasleek. Batxilergoaren batez besteko notak % 60ko balioa izango du eta azterketak, % 40koa.
Lehen Hezkuntzako ikasleek ebaluazio bat izango dute hirugarren mailan, hizkuntza komunikazioan eta matematiketan arazorik duten ikusteko.
Seigarren mailan, beste ebaluazio batek jarritako helburuak lortu dituzten neurtuko du, DBHra pasatzeko gai diren jakiteko.
Lehen Hezkuntzan ere, Ingurunearen Ezagutza bi irakasgaitan banatuko da: Natur Zientziak eta Giza Zientziak. Horrez gain, Herritartasunerako Hezkuntza kendu egingo dute, Heziketa Zibiko eta Konstituzionala jartzeko.
Gobernuaren aburuz, LH "modernizatu" egingo da; izan ere, sektore profesional bakoitzaren arabera, irakasgai instrumental zehatzagoak eskainiko dituzte, eta hurrengo mailetan jarraitzeko hautagaizko irakasgaiak egiteko aukera ere izango dute ikasleek.
Ebaluazioei eta sarrera probei dagokienez, gainditzen ez dituzten ikasleek edo emaitzak hobetu nahi dituztenek hurrengo deialdietan errepikatzeko aukera izango dute.
Hezkuntza administrazioek hezkuntza sexuen arabera bereizita eskaintzen duten zentroekin hitzarmenak egin ahalko dituzte, betiere hezkuntzan bazterketen kontrako borrokari buruz nazioarteko konbentzioan jasotakoa betetzen badute.